Urte amaieratik aurrera, OTA ordaindu beharko da portuan autoa uzteagatik
Autoa portuan lagatzea ez da debaldekoa izango. Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritza autoen aparkalekua OTA zerbitzuaren bidez hasiko da erregulatzen moilan, urte amaieratik aurrera. Makinak martxan ipini bitartean, aparkalekua doakoa izango da, ast...
Autoa portuan lagatzea ez da debaldekoa izango. Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritza autoen aparkalekua OTA zerbitzuaren bidez hasiko da erregulatzen moilan, urte amaieratik aurrera. Makinak martxan ipini bitartean, aparkalekua doakoa izango da, astelehenetik domekara. Danetara, 170 autoentzako gaitasuna dauka moilako zabaldegiak.
OTA ipinita, eguneko 24 orduetan egongo da zerbitzua martxan, eta espazioak «ahalik eta hobetoen aprobetxatzea» helburu, Jaurlaritzak sarrera-irteerako kontrola –txartelen irakurketa eta espedisio eta hartze automatikoagaz– Itsasaurreko autobus geltokiaren aurrean ipiniko du.
Prezioak, bestalde, Tasen Legeak arautuko ditu. Halanda be, portuan beharra egiten dutenek txartel bereziak edukiko dituzte, eta zerbitzua doakoa izango da 30 minutu baino gitxiago autoa lagatzen dutenentzat.
Moilak eta atrakaleku lerroak handitzeko lanek portuko azalera handitzea ekarri dute. Jaurlaritzak adierazi duenez, hori azalera hori ez da oraingoz erabiliko. Era horretan, baxurako moilaren ondoan ahalko dira ibilgailuak laga. «Lonjako egitasmoaren idazketa lehiaketa fasean eta zabaldegia libre egonda, aparkalekuak arautzea erabaki da, beti be, portuko aktibitateari eta premiei lehentasuna emonda».
Zabaldegia aparkaleku modura ipintzea herrian eta portuan autoa lagatzeko dagoen arazoari irtenbidea emoteko modua izango da. Izan be, portu aktibitateagaz ezelako loturarik ez daukaten pertsona askok uzten dituzte euren ibilgailuak moilen bueltan, sarrera-urteeretan zein biltokien zabaldegietan. Hori egiteak arrainaren kargan eta deskargan izaten du eragina sarri askotan.