Gorka Antxustegi seigarren Sierra Morenako rallyan
Gorka Antxustegi pilotu markinarrak seigarren geratu da Sierra Morenan lehiatu den espainiako asfalto gaineko txapelketan. Markinarrak, arazoak izan zituen bere autoaren frenoekin, halanda be, erregulartasuna mantendu zuen, eta bigarren izan zen aurreko trakzioa duten autoen kategorian. Espainiako Txapelketa lehiatzen dabiltzan auto gidari gehienak batu ziren joan den asteburuan Kordoban, eta Gorka Antxustegi be bertan egon zen Suzuki taldeagaz. Kordoban lehiatzen zuen bigarren aldia izan da Antxustegirentzat. 2008an, kopa irabazi zuten urtean, egon zen lehenengoz bertan Suzukigaz parte hartzen. Oraingoan, barriz, talde ofizialagaz joan da bertara. «Nahiko proba ona izan da, goizean bidea umela zegoen, baina gero zikatu egin zen eta ez genuen horregaz arazorik izan; frenoekin ibili nintzen apur bat burrukan, baina, bestela dena ondo joan zen», azaldu du pilotu markinarrak. Andaluziakoa, Espainiako Txapelketako azkenaurreko lasterketa izan da. Azkena, azaroaren amaiaren lehiatuko da Madrilen, eta bertan egongo da Antxustegi. Proba konplikatu samarra izaten dela dio. «Izotza eta edurra egoten dira eta mendi altuetatik, 1.700 metro altuera dutenetatik, pasatzen gara; arriskutsua da, baina, aldi berean, nahiko lasaia». Tarte bi gauean egin beharko dituzte, eta besteak egunez. Balorazio ona Nahiz eta lasterketa batzuetan arazoak izan dituen, denboraldiaren balorazio ona egiten du Antxustegik. «Ustekabe batzuk izan ditugun arren, gurpileko torlojuak eta palierra apurtu, [...]
Gorka Antxustegi pilotu markinarrak seigarren geratu da Sierra Morenan lehiatu den espainiako asfalto gaineko txapelketan. Markinarrak, arazoak izan zituen bere autoaren frenoekin, halanda be, erregulartasuna mantendu zuen, eta bigarren izan zen aurreko trakzioa duten autoen kategorian.
Espainiako Txapelketa lehiatzen dabiltzan auto gidari gehienak batu ziren joan den asteburuan Kordoban, eta Gorka Antxustegi be bertan egon zen Suzuki taldeagaz. Kordoban lehiatzen zuen bigarren aldia izan da Antxustegirentzat. 2008an, kopa irabazi zuten urtean, egon zen lehenengoz bertan Suzukigaz parte hartzen. Oraingoan, barriz, talde ofizialagaz joan da bertara.
«Nahiko proba ona izan da, goizean bidea umela zegoen, baina gero zikatu egin zen eta ez genuen horregaz arazorik izan; frenoekin ibili nintzen apur bat burrukan, baina, bestela dena ondo joan zen», azaldu du pilotu markinarrak.
Andaluziakoa, Espainiako Txapelketako azkenaurreko lasterketa izan da. Azkena, azaroaren amaiaren lehiatuko da Madrilen, eta bertan egongo da Antxustegi. Proba konplikatu samarra izaten dela dio. «Izotza eta edurra egoten dira eta mendi altuetatik, 1.700 metro altuera dutenetatik, pasatzen gara; arriskutsua da, baina, aldi berean, nahiko lasaia». Tarte bi gauean egin beharko dituzte, eta besteak egunez.
Balorazio ona
Nahiz eta lasterketa batzuetan arazoak izan dituen, denboraldiaren balorazio ona egiten du Antxustegik. «Ustekabe batzuk izan ditugun arren, gurpileko torlojuak eta palierra apurtu, denboraldia nahiko ondo joan da», esan du gidariak.
Bere taldea den Suzuki be «pozik» dagoela dio markinarrak. «Orain arteko denborarik onena Suzukik dauka, eta Madrileko proba falta den arren, abantaila handia daukagu; beraz, oso txarto egin behar ditugu gauzak txapelketa ez eskuratzeko», adierazi du pilotuak.