Bizikleta martxan eskatuko du zapatuan Amaiurrek botoa
Bihar hasita, datorren asteko eguenera bitarteko ekimenak prestatu ditu Amaiurrek azaroaren 20ko Espainiako hauteskundeetara begira. Bihar, 17:00etan, Berriatuko gaztetxean hasita, kartelak ipiniko dituzte herritarrek. 19:00etan egin du koalizioak hitz...
Bihar hasita, datorren asteko eguenera bitarteko ekimenak prestatu ditu Amaiurrek azaroaren 20ko Espainiako hauteskundeetara begira.
Bihar, 17:00etan, Berriatuko gaztetxean hasita, kartelak ipiniko dituzte herritarrek. 19:00etan egin du koalizioak hitzordua Mutrikun. Goiko plazan batuta, kalejira egingo da Beheko plazara, eta han jan-edanerako tartea egongo da, «jai giroan», azaldu dutenez. Ondarroan, 21:30ean egin dute batzeko deia gaur: gazte eztabaida egingo da ordu horretatik aurrera Txokoan, eta luntxa.
Zapatuan, Ondarroan eta Mutrikun egingo dira ekimenak, herri bietan 11:30ean. Ondarroan bizikleta martxa egingo da herriko kaleetan zehar, Kamiñazpiko parketik hasita; Mutrikun, beste alde batetik, moilan batuta, herriari buelta emango dion auto karabana hasiko da.
Domekan, 12:30ean hasita, informazio orriak banatuko ditu koalizioak Mutrikuko Goiko plazaren inguruan. Aulestin, meza ostean egingo da ekitaldia, plazan, eta horren atzetik, pintxo jana egingo da.
Mintegi eta Argintxona hizlari
Datorren martitzenean, Markina-Xemeinen egingo du Amaiurrek kanpaina. Laura Mintegi eta Jon Argintxonak hitzaldia emongo dute 19:30etik aurrera, Markina-Xemeingo Kultur Etxean.
Eguaztenean, azaroak 16, Ondarroako Kafe Antzokian, Brankaz berbetan solasaldia egingo da, Jon Maia, Mattin Troitiño eta Xabier Silveiragaz.
Amaitzeko, azaroaren 17an, Amaiurrek mitina emongo du Ondarroan. Alamedan izango da ekimena, 19:00etan.