Asisko Urmenetaren eta Juanjo Elordiren ‘Gartxot’, pantailan
Itzaltzuko bardoaren istorioa Euskal Herriko hiriburu guztietan ikusi ahal izango da gaur iluntzean
Juanjo Elordi markinarrak Asisko Urmenetagaz batera egin duen filma pantaila handian ikusteko aukera egongo da, gaur, Euskal Herriko hiriburuetan. Gartxot: Konkista aintzineko konkista izenburua jarri diote.
Filmak Campion idazle nafarrak 1917an argitaratutako ipuin bat du oinarrian. Bertan, Itzaltzuko (Nafarroa) bardoaren istorioa kontatzen da; herriari poemak eta istorioak kontatzen dizkion XII. mendeko kontalariarena.
Juanjo Elordik Berriari azaldu dionez, Campionek idatzitako ipuina «euskararen aldeko garrasia» da, garai hartan Nafarroa ekialdean euskara galtzen ari zen eta.
Filma egiten ari zirela, ostera, beste irakurketa bat be egin diote. «Campionen ustez, XII. mendean hasi zen hemengo antolakuntza eta gobernua ezegonkortzeko prozesua abian», dio Elordik. Hortik datorkio filmari izena: konkista aintzineko konkista.