Bolibartarrek Interneterako sarbide barria izango dute WifiBolibar sareari esker
Kablerik barik sarera konektatzeko aukera eskaini du Udalak herrian jarritako antenei eske
WifiBolibar. Horixe da Udalak herrian ezarri duen teknologia barriei lotutako zerbitzu barriaren izena. Wifi bidez Internetera konektatzeko aukera da, zehazki, eskaintzen zaiena. Gauzak horrela, herrian zabaldutako antena sareari esker, kable barik konektatzeko aukera edukiko dute, aurrerantzean, herritarrek kuota bat ordaintzearen truke. Antena sarearen bidez herriguneko ahalik eta espazio zabalenari estaldura eskaintzea lortu nahi izan dute. «WifiBolibar erabiltzeko interesa dutenek, lehendabizi, bere zonaldean estaldura nahiko duten edo ez ikusi beharko dute. Gutxienez, seinalearen %30 jaso behar dute ondo funtzionatu ahal izateko», azaldu dute Udal ordezkariek. Estaldura txikiko lekuetarako sarea jarri duen enpresak estaldura hori gehitzeko aparailuak emon ditzake. «Aparailuagaz edo hura barik, Udalak ez du estaldura edukitzea bermatzen, beraz, behar-beharrezkoa da herritarrek zerbitzurako sarbidea eskatu aurretik frogak egitea». Erabilera mugatua WifiBolibar zerbitzuak erabiltzeak muga batzuk dauzka. Behin sarbidea eskuratuta, erabiltzaileko, gehienez, bi gailu erabili ahal izango dira. Zerbitzuari emongo zaion erabilera be mugatuta egongo da: Interneteko oinarrizko nabigazioa eta posta elektronikoaren kudeaketa dira zerbitzuaren bidez egin daitezkeenak. Hortik kanpoko erabilpenak debekatuta daude. «Zerrendatutako erabileretatik kanpoko ezer egiten dutenak saretik kanpo utziko ditugu. Lehen aldian, astenbetez saretik kanpo geldituko dira; bigarrenean, hilebetez, eta hirugarrenean harrapatuz gero, betirako kanporatuko genuke erabiltzailea». WifiBolibar zerbitzuaren gaineko intresa dutenek udaletxera jo beharko dute bai zerbitzurako sarrera eskatzera baita informazio gehiago eskatzera be. Telefonoz be deitu daiteke: 94-616 57 27ra deitu beharko da.