Hilabeteko epean erabakiko du Bizkaiko Foru Aldundiak Vista Alegreren etorkizuna
Karraspioko aparkalekuen proiektua aurrera eroatea herriarentzat «oso garrantzitsua» dela azpimarratu du Jesus Anakabe alkateak
Gabonetarako Vista Alegre proiektuaren gainean Bizkaiko Aldundiak hartutako erabakia zein den jakingo dugu». Horrenbestez erantzun du Jesus Anakabe alkateak (EAJ) Karraspio ingururako egitasmoari buruz galdetuta.
Aldundiaren erantzuna baiezkoa izatea espero du alkateak. «Zuzenketaren bat edo beste egingo dituzte, baina aurrera egiteko moduan izango garelakoan nago, eta, hala balitz, pozik hartuko genuke albistea». Aldundiaren erantzunak planifikazio zatiari amaiera emongo lioke. «Proiektuaren exekuzioagaz hasi aurretik, lurraren kudeaketa izango da hurrengo pausoa. Gerora eraikitzen hasi ahal izateko, ingurua antolatzea da orain egin behar duguna», azaldu dute udal teknikariek.
Vista Alegreko proiektuak 150 aparkaleku barri, aisialdi gune bat eta bi bloketan 24 etxebizitza egitea jasotzen du. Zehazki, Kurlutxu eta Itsaso Etxearen arteko lurretan egitea dago aurreikusita, eta batez be aparkalekuekin, Karraspio inguruan sortzen diren arazoei irtenbidea emotea lortu nahi du Udalak. «Proiektu hori garrantzia handikoa da herriarentzat. Turismotik datozen sarrerak beharrezkoak dira, eta arlo horretan Karraspio gure indarguneetako bat da. Proiektu horregaz, ingurua antolatu, egoten diren arazoak eta arrisku egoerak desagertarazi eta inguruari bultzada bat emon nahi diogu», dio Anakabek.
Vista Alegreko proiektuak polemika ugari sortu du herrian. Ezker abertzaleak, esaterako, proiektuaren aurkako jarrera erakutsi du hasieratik. Maiatzeko hauteskundeak aurretik proiektuagaz «herriaren etorkizuna hipotekatu» izana leporatu zioten Udal gestorari. «Herritarren interesei barik sustatzaile pribatu baten nahiei ari dira kasu egiten», zioten.
Ezker abertzaleagaz batera, asko izan ziren proiektuari helegiteak jarri zizkiotenak: Karraspio inguruko auzokideak, Gu behintzat oinez plataforma, Lekitto 2020, Auzo Elkarteak, Ekozain Talde Ekologista eta Lekeitioko Udala.