Kantu ikastaroan izena emoteko epea zabalik dago
Kanturako zaletasuna duten herritarrek parte har dezake musika eskolak eskaintzen dituen doako kantu saioetan
Kantuzaletasuna duten herritar guztientzat ikastaroa antolatu du Tarine Musika Eskolak. Aurten bosgarren aldia izango dute. Aurreko urteetan izandako arrakasta da musika eskolak ikastaroa barriro eskaintzearen arrazoia. «Jendea gustura aritzen da. Kantua gustatzen zaion jendea batzen da bertan, eta tartean barriren bat egoten bada be, asko aurreko urteetan egondako herritarrak izaten dira», azaldu dute musika eskolatik. 18 urtetik gorako kantuzaleei begirako ekimena izaten da. «Izena emoteko ez da solfeorik edo horrelakorik jakin behar. Kantatzea gustuko izateagaz nahiko da», azpimarratu dute. «Ez da koru bat. Ez da maila profesionalean aritzeko asmoagaz sortutako taldea. Ondo pasatzea da bilatzen duguna». Ikastaroan «herritarrek izan dezaketen kanturako grinari» irteera emon nahi diote, eta, bide batez, herriko kantak galbidean erortzea ekidin nahi dute. «Denetarik abesten da: herriko kantak, euskal kantak… eta, amaieran, emanaldi bat be eskaintzen dugu, ikastaroan egindakoa kaleratzeko». Aurtengo emanaldia martxoaren 25ean izango da. Matrikulatzeko epea abenduaren 15era arte egongo da zabalik eta izena emotea doakoa da. Horretarako, 94-613 98 89 telefonora deitu edo berriatumusikes@telefonica.net helbidera idatz daiteke.