10.257.500 euroko aurrekontua aurkeztu du Udalak 2012rako
Etorkizuneko Ondarroa irudikatzen saiatuko da Udala datozen hilabeteetan. 10.257.500 euroko aurrekontua aurkeztuta, eta hirigintzako inbertsioen kitapena egiten dagoenean, obra txikiei lehentasuna emongo zaiela argi daukate udal ordezkariek. Auzobatzar...
Etorkizuneko Ondarroa irudikatzen saiatuko da Udala datozen hilabeteetan. 10.257.500 euroko aurrekontua aurkeztuta, eta hirigintzako inbertsioen kitapena egiten dagoenean, obra txikiei lehentasuna emongo zaiela argi daukate udal ordezkariek.
Auzobatzarretan bildutako ekarpenak kontuan hartuta, “urte askoan egin barik egon diren obrei” egingo diete kolpe. “Daukagun aurrekontutik horrelako gauza txikiak bideratzen ahaleginduko gara”, esan du Argia Ituarte alkateak.
Besteak beste, Iparkale-Iparragirre inguruko auzokideei irtenbidea emongo zaie. “Ez daukate ez gas naturalik, ez zuntz optikorik, eta nagusiek nekez egin dezakete oinez behegainaren ezaugarriak direla eta “.
Urbanizatzen hasi aurretik, proiektuak egitearen premia azpimarratu du Udalak. Eta horretarako be partida garrantzitsuak lagako dira. “Premiazkoa da Arau Orokorrak gaur eguneko baldintzetara ekartzea”, esan dute. Hartara, Arau Orokorrak berrikusiko dituzte. Izan be, 1993koak dira, eta askotan “arazoak baino ez dituzte emoten”.
Bilduk adierazi duenez, aurrekontuak zehaztean, besteak beste, beharginen eskubideak bermatzeko ahalegina egin da, bai eta herriko taldeen ekimenak bultzatzekoa be, partidak nabarmen handiagotuz. Ongizatean be ahalegin berezia egin da diru-laguntzetan, esate baterako. Iazko diru kopurua hirukoiztu egin du Udalak alor horretan.