Asier Altunaren ‘Artalde’-k eroan du EZBko lan onenaren saria
Sari banaketagaz amaitu zen zapatuan 34. Lekeitioko Euskal Zine Bilera. Aurten be ikusleen harrera ona izan du zinemaldiak, eta asko izan dira Ikusgarritik pasatu diren zine zaleak. Itxiera egunean be, bete egin zen aretoa. Astean zehar erabaki zuten i...
Sari banaketagaz amaitu zen zapatuan 34. Lekeitioko Euskal Zine Bilera. Aurten be ikusleen harrera ona izan du zinemaldiak, eta asko izan dira Ikusgarritik pasatu diren zine zaleak. Itxiera egunean be, bete egin zen aretoa.
Astean zehar erabaki zuten ikusleek film laburrik gustukoena, baina zapatura arte itxaron behar izan zen epaimahaiaren erabakia jakiteko. Aurkeztutako ikus-entzunezko guztien artean, lan onenaren saria Asier Altunaren Artalde-ri emotea erabaki zuen epaimahaiak, eta bere originaltasunagatik, Jon Garañoren Urrezko Eraztuna lanari aipamen berezia egin zioten.
Sari nagusiaz gainera, beste hamabi sari banatu zituzten, eta euretako bi eskualdeko zinegileen eskutan geratu dira. Dokumental eta erreportaien arloan, amateurren arteko lehenengo saria Juan Bidegain ondarrutarrarentzat izan zen 0,39 lanagatik, eta bigarrena, Jokin Leniz eta Aitor Zugadi lekeitiarren Kresalezko sentimenduak lanak eroan zuen.
Bestalde, profesionalen arteko lehen saria Esteban Ramosek eskuratu zuen Garaipena lanagaitik.
Argumentuzkoen arloari dagokionez, Iker Ugalderen Txiri-txiri pitxin, edo… izan zen amateurretan garaile eta Asier Altunaren Artalde profesionalen artean.
Sormenezkoen arloan, Joseba Uberuagaren Izena duena filmak irabazi zuen amateurren arteko antzarra, eta Asier Urbietaren eskutara joan zen profesionalen mailakoa.