Maderas de Lekeitioko 21 beharginak, kalera
Maderas de Lekeitio enpresako beharginak elkarretaratzea egin zuten atzo enpresaren aurrean, lantegia ez ixtea eskatzeko. Enpresako beharginen ordezkaritza duen LAB sindikatuak jakitera emon duenez, enpresak lan kontratuen iraungipena dakarren lan erregulazio espedientea aurkeztu du, eta horrek beharginen kaleratzea dakar. Egurraren sektoreko beste enpresa batzuk modura, gainbehera jasan du azken urteetan Maderas de Lekeitio enpresak. Sasoi batean 140 edo 125 behargin izan zituen lantegiak ateak itxiko ditu bere beharginen kaleratzeagaz. LABek jakitera emon duenez, Eusko Jaurlaritzak onartu du lan erregulazio espedientea, eta abenduaren 31n itxiko da enpresa. «Bere egoera txarraren aurrean, bi urteko etenaldia eskatu du enpresak egurraren sektoreagaz zer gertatzen den ikusteko, eta bere planteamendua lan kontratuak iraungintzea izan da», azaldu dute. Sindikatuaren ustez, kontratuak deuseztatzea onartezina da. «Batez beste 30 urte egin dituzte beharginek Maderas de Lekeition beharrean, eta orain kalean uztea ez da bidezkoa, egoera horren aurreko erantzuna, itxiera, beste era batekoa izan beharko litzateke», azpimarratu dute LAB sindikatuko ordezkariek. Lan erregulazio espedientea izango duten Maderas de Lekeitio enpresako beharginak 50 urtetik gorakoak dira, eta abenduaren 31tik egongo dira kalean. «21 behargin gehiago egongo dira langabezian kalte-ordain txiki bategaz, batez beste 54 urte dituztela, etorkizunik barik eta erretiroari begirako erosteko ahalmena suntsituta», aitatu dute LABekoek. Egoera horren aurrean, [...]
Maderas de Lekeitio enpresako beharginak elkarretaratzea egin zuten atzo enpresaren aurrean, lantegia ez ixtea eskatzeko. Enpresako beharginen ordezkaritza duen LAB sindikatuak jakitera emon duenez, enpresak lan kontratuen iraungipena dakarren lan erregulazio espedientea aurkeztu du, eta horrek beharginen kaleratzea dakar.
Egurraren sektoreko beste enpresa batzuk modura, gainbehera jasan du azken urteetan Maderas de Lekeitio enpresak. Sasoi batean 140 edo 125 behargin izan zituen lantegiak ateak itxiko ditu bere beharginen kaleratzeagaz. LABek jakitera emon duenez, Eusko Jaurlaritzak onartu du lan erregulazio espedientea, eta abenduaren 31n itxiko da enpresa. «Bere egoera txarraren aurrean, bi urteko etenaldia eskatu du enpresak egurraren sektoreagaz zer gertatzen den ikusteko, eta bere planteamendua lan kontratuak iraungintzea izan da», azaldu dute.
Sindikatuaren ustez, kontratuak deuseztatzea onartezina da. «Batez beste 30 urte egin dituzte beharginek Maderas de Lekeition beharrean, eta orain kalean uztea ez da bidezkoa, egoera horren aurreko erantzuna, itxiera, beste era batekoa izan beharko litzateke», azpimarratu dute LAB sindikatuko ordezkariek.
Lan erregulazio espedientea izango duten Maderas de Lekeitio enpresako beharginak 50 urtetik gorakoak dira, eta abenduaren 31tik egongo dira kalean. «21 behargin gehiago egongo dira langabezian kalte-ordain txiki bategaz, batez beste 54 urte dituztela, etorkizunik barik eta erretiroari begirako erosteko ahalmena suntsituta», aitatu dute LABekoek.
Egoera horren aurrean, beste elkarretaratze bat egingo dute Maderas de Lekeitioko beharginek, eguenean, 13:00etan, Eskolapean.
Espekulazioaren ondorioa
Maderas de Lekeitioren modura, egurraren sektoreko enpresa asko daude desagertzeko egoera larrian, eta krisi horren ardura «EAJren baimenagaz» aurrera eroan den espekulazio politika izan dela salatu du LAB sindikatuak. «Eraikuntzari begirako politika eroan dute aurrera, eta hori amaitu denean egurraren sektorearen gainbehera ailegatu da», kritikatu dute.
LABen ustez, egurraren sektoreak badauka etorkizunik, falta duena administrazioaren esku hartze zuzena da. «Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak eta udalek kolpe behar duten gaia da; jabetza publikoa dago, eta kudeatzen hasi behar dira», esan dute.
LAB sindikatuak azaldu duenez, Bizkaian pinua duten 100.000 hektareatik gora daude, eta euretatik 30.000 hektareetatik gora publikoa da. «Hainbat egur dago mendian, eta beraz, badaude aukerak lanpostuak mantentzeko; prezio normal batean lehiatzeko aukera dago», adierazi dute. Beraz, sindikatuaren ustez, sektorea ez desagertzeko ente publikoek eskua hartu eta sektorea bideratu egin behar du. «Sektorea nora doan eta zer egin behar den erabakitzeko mahai bat sortu behar da», azpimarratu dute. Bestela, pausorik emon ezik, desagertu egingo dela diote sindikatukoek.