Villas Marineras elkartetik irtetea erabaki du Lekeitioko Udalak
Villas Marineras elkartetik irtetzea erabaki zuen Lekeitioko Udalak azken osoko bilkuran. Garapen Batzordean hartutako erabakia berretsi zuten bilkuran, Udaleko alderdi guztien adostasunagaz. Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskal Herriko kostaldeko h...
Villas Marineras elkartetik irtetzea erabaki zuen Lekeitioko Udalak azken osoko bilkuran. Garapen Batzordean hartutako erabakia berretsi zuten bilkuran, Udaleko alderdi guztien adostasunagaz.
Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskal Herriko kostaldeko herriak lotzen dituen elkartea da Villas Marineras, eta bertan egoteagatik 6.000 euroko kuota ordaintzen zuen Lekeitioko Udalak. Gastu horregatik, alde batetik, eta elkartean egoteak herriarentzako ekarpenik ez duela ikusten dutelako, bestetik, hartu du Udalak bertatik ateratzeko erabakia. «Murrizketak egin behar dira, eta elkarte horretan egoteak eraginkortasunik ez duela ikusi dugu; beraz, gastu hori aurreratu ahal dugu», azaldu du Lekeitioko alkate Maitane Larraurik.
Bestalde, Villas Marineras Espainiako estatuko kostaldeko herrien elkartea da, eta Lekeitiori «The North of Spain» irudia saltzea ez zaiola komeni dio Lekeitioko Udalak. Horretaz gainera, Euskal Herriko beste hainbat herrik be elkartea uztea erabaki dutela jakitera eman dute Udaletik. «Bermeo, Hondarribia, Getaria eta Pasaia be egon dira elkartean, baina utzi egin dute», zehaztu du alkateak.
Beste elkarte batzuetako kide
Villas Marineras elkartean legez, beste batzuetan be sartua dago Lekeitio, eta horiek be eraginkorrak diren aztertzen dabiltzala aurreratu zuen alkateak. «Banan-banan aztertzen gabiltza, bertan egotea merezi duen edo ez jakiteko», esan du Larraurik.