Domekako manifestazirako deia egin du Udalak, Erraldegaz bat eginez
Aho batez onartu du Aulestiko Udalbatzak Erralde hiltegiaren beharrezkotasuna azpimarratzen duen manifestua
Aulestiko udalbatzak aho batez onartu du Erralde hiltegia ez ixtearen aldeko arrazoiak azaleratzen dituen manifestua. Horregaz batera, abenduaren 11n, 12:00etan, Erralde hiltegitik bertatik atarako den manifestaziora joateko deia be egin dute. «Azken finean, bizkaitar guztioi eragiten digun arazo bat da Erralde ixtearena. Ahalik eta oihartzun zabalena hartu behar du Erralde zabalik deiadarrak», adierazi zuen Mikel Ansotegi Aulestiko alkate eta Erraldeko presidenteak.
Udalak onartutako manifestuan, Osasun Sailak Erralde ixteko hartutako erabakiak osasun arazoekin erlaziorik ez duela azpimarratzen da. «Arlo teknikoan egiten den irakurketa zarratu batetik dator orain planteatzen den balizko itxiera», dio testuak.
Izan be, abereak hiltzeko erabiltzen den hilketa-linearen forma da Osasun Sailak Erralderen itxiera planteatzeko erabili duen argudioa. «Europako araudien arabera, hilketa-lineek zuzenak behar dute izan. Erraldek U itxurakoa dauka, eta ezinezkoa da zuzen jartzea», azaldu zuen Ansotegik udalbatzaren eta udal areto nagusian bildutakoen aurrean. «Hiltegi barrian kontuan hartuko ditugu Europako baldintzok, baina momentuz, ezinezkoa den heinean, itxiera atzeratzea da eskatzen duguna. Bruselasera joateko asmoa daukagu, eta Osasun Sailak eskaera horren alde egingo duela jakinarazi digu».
Hiltegi barrirako, bi urte
Hiltegi barria Berrizen (Bizkaia) eraikitzeko proiektua aurrera doa bitartean. Bi urte barru hilketa zerbitzua bertara eroatea aurreikusten dute Erraldeko arduradunek.
Egitasmoa gauzatzeko bidean emondako pausoak ondokoak dira: proiektu teknikoa garatuta dago, lurrak Erralderen esku daude eta finantziazioaren zati bat be lortua dute. Eusko Jaurlaritzak %40 ordainduko du. «Bizkaiko Foru Aldundiagaz egindako bileretan be aldeko berbak jaso ditugu. Erralderen inguruan egiten dugun irakurketagaz bat datoz. Orain, handik be diruz laguntzea da behar duguna».
Ezker Abertzalea, batuta
Bizkaiko Ezker Abertzaleak, Erraldegaz bat eginda, zapatuko manifestaziorako deia egin du. Bizkaiko Ezker Abertzalea be bat dator EHNE eta Erralde sozietatea osatzen duten 15 udalerriak egiten duten irakurketagaz. 15 udalerri horien artean, Lea-Artibaiko Amoroto,Aulesti, Ispaster eta Mendexa daude; eta Busturialdeko, Muxika eta Ereño.
Eragile guztiak bat datoz Erralderen beharrezkotasuna azpimarratzean. «Lehen sektorea eta merkatarien aldeko lan itzela egiten du. Lan egiteko eredu sozial bat posible dela erakutsi du Erraldek; baserritarrak, harakinak eta kontsumitzaileak elkartzen dituen tresna da», diote aho batez. «Bertakoa bertarako bideratzea eta elikadura burujabetzaren aldeko apustu praktikoa ematen du, gainera».
Ezker abertzaleak, beharginak be izan du gogoan. «Behargin zuzen zein zeharkakoekin zer gertatuko den pentsatzeak ardura izugarria eragiten digu. Bizkaiko hiltegi bakarra izanik, alderdi guztiei eskatzen diegu konpromiso zehatzak hartzeko».