Etorkinentzako euskarazko debaldeko ikastaroak izango dira urtarriletik ekainera
Aisa etorkinak euskara ikasten ekimena ipiniko dute martxan HABEk eta Ondarroako Udalak datorren urtean. Horren bitartez, etorkinek debalde jasoko dituzte euskara ikastarook. Urtarrilean hasi eta ekainera bitartean emongo dira eskolak, astean bi egunet...
Aisa etorkinak euskara ikasten ekimena ipiniko dute martxan HABEk eta Ondarroako Udalak datorren urtean. Horren bitartez, etorkinek debalde jasoko dituzte euskara ikastarook.
Urtarrilean hasi eta ekainera bitartean emongo dira eskolak, astean bi egunetan lau ordu: danetara 120 orduko iraupena edukiko du. Ordutegia, dena dela, taldekideen premiaren arabera zehaztuko da.
Izena urtarrilaren 12ra arte emon daiteke, Ondarroako Udaleko Gizarte Zerbitzuetan.
Beste alde batetik, Euskarazko Produktuen Katalogoaren banaketa eginda dago.
Ondarroako Udalak helburu argi bategaz argitara emon du katalogoa: euskarazko produktuak erdarazko produktuen itzaletik atera eta zabaltzea. Danetara, beste hainbat udalekin batera, 200.000 ale inguru argitaratu dira, «ahalik eta etxe gehienetara ailega daitezen».
Katalogoak gurasoentzako eta haur eta 16 urtera arteko gazteentzako aukerak dakartza, eta pentsatuta dago familietan banatzeko, zer aukeratu jakiteko. «Merkatuan dauden produktuen artean hautaketa egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta».
Aurten, zortzi ataletan sailkatuta jaso dituzte produktuok: musika, liburuak, aldizkariak, pelikulak, jostailu eta jokoak, informatika produktuak eta DVDak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Lagungarri izan dadin, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa emoten da, eta atal bat edo baten adinaren araberako sailkapena be egiten da.
Katalogoaren banaketa urtean behin egiten bada be, badago urte guztian kontsulta daitekeen web orrialde bat: http://www.katalogoa.org.