Ekipamendu barriak jantzita aurkeztu dute aurtengo Lea-Motrollo Taldea
Lea Ibarreko udalekin batera, Oizpe dute aurten laguntzaile Lea Ibarreko pelotariek; maila denetako 108 pelotarik osatzen dute aurten taldea
Liga aurreratuta dagoen arren, Lea-Motrollo Taldeak aurtengo taldearen aurkezpena egin barri du. Ekipamendu barriak esku artean eduki nahia izan da aurkezpena atzeratzearen arrazoia.
Aurten, Munitibarko Oizpe egoitza izango da taldeko babeslea. «Lea Ibarreko bost udalerriek emoten diguten laguntza be azpimarratu nahiko nuke. Haien laguntzarik barik ezingo genuke-eta aurrera egin», azpimarratu nahi izan du Unai Iglesias kirol zuzendariak. «Aurten be, egoera onenean ez dauden arren, guri diruz laguntzen jarraitzen dute».
Lea-Motrollo Taldeak 108 pelotariko koadroa aurkeztu du aurten; neska-mutilez osatutako koadroa. Umetxoetatik hasi eta nagusien mailetara arte dauzkate ordezkariak eskupelotan. «Udalerri gehienetan orain arteko pelotari kopurua mantendu egin dugu. Aulestitik etorri zaizkigu aurten kirolari barriak; 25 pelotari gehiago, zehatz esateko».
Palaz aritzen diren pelotariak be ugarituz doaz. «Esango nuke herrietan antolatu dituzten txapelketek be eragina eduki dutela horretan».
Helburuei begiratuta, ostera, aldaketa gutxi. Bost herrietako gazteei kirola egiteko aukera emotea da helburu nagusia. «Gure pelotariek kalitate handikoak zirela erakutsi zuten iaz, eta erakusten ari dira aurten. Iazko emaitzak errepikatzeagaz pozik geundeke. Baina ahal bada hobetu be egingo ditugu», gaineratu du Iglesiasek.