Murlako zerbitzu enpresen guneagaz aurrera egitea erabaki dute aulestiarrek
Murlako proiektuaren etorkizunari buruz berba egin ostean, herri batzarrean bildutakoek hartutako erabakia proiektuari argi berdea emotea izan da. Gaia azaldu ostean, debatea zabaldu zen, eta zinegotzi zein herritarrek euren kezka eta galderak agertzeko aukera eduki zuten. Azkenean, bozketaren emaitza ondokoa izan zen: 35 bai, 9 ez eta 5 zuri. Murlan eraiki nahi dutena zerbitzu enpresentzako gune bat da. Okamika industrialdearen 20. urtemugaz batera, eskualdeko hainbat eragile ekonomikok egindako hausnarketaren emaitzetako bat da Murlako proiektua. «Gaur egungo joerak aztertuta sortzen diren enpresen gehiengoa zerbitzuetara zuzenduta dago. Horiei eskaintza egoki bat egiteko gunea sortzea zen ideia nagusia», azaldu zuten bileran. Aurreko legealdietako alkate Jon Bollar eta gaur egungo alkate Jon Ansotegi bat etorri ziren herriaren zein eskualdearen garapenerako «proiektu garrantzitsua» dela esatean. Proiektuak bere osotasunean bi miloi euroko inbertsioa suposatzen du. Aurrena, baina, lurrak eskuratu eta haren urbanizazioa egitea da, eta eskualde mailako «proiektu estrategikoa» izan arren, Aulestiko Udalak egin beharrekoak dira aitaturiko pausoak. Hori dela eta, EAJko zinegotziek galdera zehatza plazaratu zuten: «Bost udalerri inplikatzen dituen proiektua bada, zergatik ordaindu behar du Aulestik bakarrik?». Mikel Ansotegi alkateak Aulestik dirua aurreratu baino ez duela egingo azaldu zuen. «Zenbait diru laguntza lortuak daude, baina horiek behin inbertsioa egindakoan etorriko dira». Urbanizazioa egiteko 460.000 [...]
Murlako proiektuaren etorkizunari buruz berba egin ostean, herri batzarrean bildutakoek hartutako erabakia proiektuari argi berdea emotea izan da. Gaia azaldu ostean, debatea zabaldu zen, eta zinegotzi zein herritarrek euren kezka eta galderak agertzeko aukera eduki zuten. Azkenean, bozketaren emaitza ondokoa izan zen: 35 bai, 9 ez eta 5 zuri.
Murlan eraiki nahi dutena zerbitzu enpresentzako gune bat da. Okamika industrialdearen 20. urtemugaz batera, eskualdeko hainbat eragile ekonomikok egindako hausnarketaren emaitzetako bat da Murlako proiektua. «Gaur egungo joerak aztertuta sortzen diren enpresen gehiengoa zerbitzuetara zuzenduta dago. Horiei eskaintza egoki bat egiteko gunea sortzea zen ideia nagusia», azaldu zuten bileran.
Aurreko legealdietako alkate Jon Bollar eta gaur egungo alkate Jon Ansotegi bat etorri ziren herriaren zein eskualdearen garapenerako «proiektu garrantzitsua» dela esatean.
Proiektuak bere osotasunean bi miloi euroko inbertsioa suposatzen du. Aurrena, baina, lurrak eskuratu eta haren urbanizazioa egitea da, eta eskualde mailako «proiektu estrategikoa» izan arren, Aulestiko Udalak egin beharrekoak dira aitaturiko pausoak. Hori dela eta, EAJko zinegotziek galdera zehatza plazaratu zuten: «Bost udalerri inplikatzen dituen proiektua bada, zergatik ordaindu behar du Aulestik bakarrik?».
Mikel Ansotegi alkateak Aulestik dirua aurreratu baino ez duela egingo azaldu zuen. «Zenbait diru laguntza lortuak daude, baina horiek behin inbertsioa egindakoan etorriko dira». Urbanizazioa egiteko 460.000 euroko inbertsioa da beharrezkoa, eta lortutako diru laguntzak ondokoak dira: Europako Feder fondoetatik 230.000 euroko laguntza eta Bizkaiko Aldunditik 82.000 eurokoa. «Eusko Jaurlaritzatik be, Ereinen bitartez, laguntza jasoko dugula baieztatzeko moduan gaude», azalduzuen.
Epeak hurbil
Lortutako diru laguntzen epeak gainean daude. Feder fondoak eskuratzeko baldintzetako bat urbanizazioa 2013rako amaituta egotea da; Diputazioaren laguntzen epea, ostera, 2012ko urria da.
Halanda be, Ansotegi baikor dago, eta proiektuarengan sinismen osoa dauka. «Datekin estu gabiltzan arren, egiteko modua badago. Aulestiarrok ezin diogu utzi horrelako proiektu bati beste leku batetara joaten utzi. Eta orain atzera eginez gero, hori gertatzeko aukera asko dago», azaldu zuen Ansotegik. «Hurrengo baten, gainera, oso zaila litzateke lortua dugun finantziazio maila lortzea; ezinezkoa ez esatearren».
Lursailagaz arazoak
Proiektua gauzatzeko 2.500 metro karratuko lursaila behar dute. Aurreko zein oraingo korporazioek ezin izan dute lurjabeagaz adostasunera heldu.
Udalak 100.000 euro eskaini ditu. «Kanpoko enpresa batek jarri dio prezioa lursailari, baina jabeak hortik gora eskatzen du». Horren aurrean, Udalak desjabetza espedientea martxan jarri du. «Inork ez du irtenbide hori gustuko, baina epeak betetzeko ez zaigu beste biderik gelditzen».