Jendea kalera atara da Maderasko beharginen alde
300 lagun inguruk erantzun diote LABek deitutako protesta ekintzari; 31n Maderas de Lekeitioko 21 langileak kalean geldituko dira
Maderas de Lekeitioko beharginei euren elkartasuna erakutsi nahi izan diete hainbat lagunek asteburuan. 300 lagun inguru izan dira Lekeitioko kaleak zeharkatu dituen manifestazioan.
Manifestaziorako deia LAB sindikatuak egin zuen, hilaren 15ean ugazabagaz egindako bileran akordiorik ez lortu ostean. Manifestazioagaz, Maderas de Lekeitioko kaleratzeak gelditzeko eskatzeaz gain, «egurgintza sektorearentzako planteamendu orokor bat» eskatu zuten. Gainera, «inplikatuta dauden eragile guztien parte hartzea izango duen mahai sektoriala» exijitu zuten.
Protesta ekimena 13:00etan atara zen Eskolapetik, eta Lanpostu galerari stop, Maderas ez itxi! Ekin alternatibari! idatzita zuen pankarta zeramaten manifestazioaren buruan.
Ugazabagaz akordiorik ez lortu izanak kalean utziko ditu 21 beharginak hilaren 31n. Enpresaren «egoera txarraren» aurrean, bi urteko etenaldia eskatu du enpresak egurraren sektoreagaz zer gertatzen den ikusteko, eta bere planteamendua lan kontratuak iraungitzea izan da. Ordezkaritza zabalena duen LAB sindikatuaren ustetan, kontratuak deuseztatzea onartezina da.