Euskara eta gazteria batzordeak ez direla batu salatu du Mutrikuko EAJk
Mutrikuko EAJk mozioa aurkeztu du hurrengo udalbatzarrerako. Bertan, Mutrikuko Udalari -Bildu- eskatu dio euskara eta gazteria batzordeak kultura batzordearen baitan sartzeko eta, era berean, turismo batzordea sortzeko. Jeltzaleen bozeramaile Joseba An...
Mutrikuko EAJk mozioa aurkeztu du hurrengo udalbatzarrerako. Bertan, Mutrikuko Udalari -Bildu- eskatu dio euskara eta gazteria batzordeak kultura batzordearen baitan sartzeko eta, era berean, turismo batzordea sortzeko.
Jeltzaleen bozeramaile Joseba Antxustegik adierazi duenez, «Euskara eta gazteria batzordeek ez dute bilerarik egin legealdia hasi zenetik. Orduan azaldu genuen bi batzorde horiek kultura batzordearen baitan egon behar zutela, izan ere, eraginkorragoak izango ziren».
Halaber, Joseba Antxustegiren iritziz, «oso larria da sei hilabeteren epean oraindik batzorderik ez deitzea. Horregatik, kultura batzordearen baitan azpi sail bihurtzea eskatzen dugu».
Turismo batzordearen premia
Ildo beretik, Antxustegik hurrengoa esan du: «Ez diegu garrantzirik kendu nahi ez euskarako ez gazteriako kontuei, guztiz kontrakoa baizik. Kultura batzordeak bilerak egiten ditu eta, ondorioz, bi sail horiek Kultura Batzordearen baitan sartuz gero, euskara eta gazteriako gaiak jorratu ahalko dira eta eraginkorragoa izango da».
Era berean, EAJ udal taldearen bozeramaileak segidakoa azpimarratu du: «Turismo batzordearen beharra ezinbestekoa da, estrategikoa gure ustez; alabaina, Mutrikuren ekonomia suspertzen lagunduko du. Hori dela eta, legealdi hasieran, batzordeak sortu aurretik, turismo batzordearen beharra zegoela adierazi genuen, eta jarrera hori berretsi nahi dugu proposamenarekin».