50 eskaera aurkeztu dira Ibaiondoko aparkalekurako
Ondarroako Udalak Ibaiondo kalean, Txomin Agirre ikastolaren azpian, egin diren aparkalekuetarako 50 eskaera jaso ditu. «Pozik gaude jaso dugun erantzunagaz, azken finean oraindik gauzak zehazteke daude eta behintzat interesa badagoela erakusten du ho...
Ondarroako Udalak Ibaiondo kalean, Txomin Agirre ikastolaren azpian, egin diren aparkalekuetarako 50 eskaera jaso ditu. «Pozik gaude jaso dugun erantzunagaz, azken finean oraindik gauzak zehazteke daude eta behintzat interesa badagoela erakusten du horrek», esan du Argia Ituarte alkateak.
Guztira137 partzela daude eta Udalaren asmoa partzela bakoitza 12.000 eurotan esleitzea da, 30 urtetarako. Dena dela, oraindik gauzak ez daudela hain argi gaineratu du Ituartek.
Eskaerak aurkezteko epea amaituta, orain Udalak aztertu egingo du zein formula erabili aparkalekuko partzelak esleitzeko eta oro har, funtzionamendua definitzeko.
Momentuz, lanak «martxa onean» doazela esan dute udal teknikariek. «Argiteriarekin gora behera batzuk eduki ditugu eta alde horretatik oraindik gauza batzuk egiteke geratzen dira».
Dena dela, hasiera baten Udalak aparkalekua otsailerako martxan ipini nahi zuen eta asmo hori «zertxobait» atzeratuko dela esan du. «Gure asmoa aparkalekua ahalik eta arinen martxan jartzea zen, ordua da eta, baina azken gauza batzuk egin behar dira eta zer edo zer beranduago izan beharko da».