Javier Urresti: “680 kiloko lur gaineko sokatira txapelketako finalean bigarren postua geure egiten saiatuko gara”
Etzi jokatuko da 680 kiloko lur gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketako finala, Iurretan, 17:30ean. Mutriku Sokatira Taldeko kideak «itsaropentsu» daudela esan dute eta barruan daramaten guztia ematen saiatuko dira bigarren postua eurenganatzeko. Laukizko Gaztedi A taldearekin berdinduta geratu ziren joan den asteko jardunaldian (Berriatuan). Erandioko Goierri A taldea dago sailkapen orokorrean lehenengo postuan, hamar punturekin. Eta talde mutrikuarra, Laukizkoarekin batera, zazpi punturekin dago atzetik. «Gaztedi A eta gu antzera ibiliko gara. Indar aldetik eta teknika aldetik hortxe-hortxe gabiltza bi taldeok. Dena dela, guk bigarren postua geure egiteko esperantzak ditugu». Beraz, momentuz, sailkapen orokorrean hirugarren postua hutsik dago. Erandioko Goierri B taldea lau punturekin dago laugarren postuan eta Gaztedi B, bi punturekin, azken dago. Etziko aurreikuspena Etziko norgehiagoka nolakoa izango den galdetzean, bertokoek gauza «estu» egongo dela diote. «Gaztedi A iaz baino makalago dabil eta ondorioz gure parez dago. Horregatik, ezinik ez dugu ikusten», gaineratu du Urrestik. Asteon egindako entrenamenduetan ere taldeko kide guztiak animo aldeti ondo dabiltzala adierazi du. «Entrenamenduak ondo joan dira eta animatuta gaudenez, baikor goaz finalera». Behegaina, «ezezaguna» Baina Urrestiren hitzetan taldeen egoera ez da bigarren postua baldintzatuko duen faktore bakarra. «Behegaina ere kontuan eduki behar dugu. Izan ere, Iurretako behegaina ez dakigu nolakoa izango den; ezezaguna da. [...]
Etzi jokatuko da 680 kiloko lur gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketako finala, Iurretan, 17:30ean. Mutriku Sokatira Taldeko kideak «itsaropentsu» daudela esan dute eta barruan daramaten guztia ematen saiatuko dira bigarren postua eurenganatzeko.
Laukizko Gaztedi A taldearekin berdinduta geratu ziren joan den asteko jardunaldian (Berriatuan). Erandioko Goierri A taldea dago sailkapen orokorrean lehenengo postuan, hamar punturekin. Eta talde mutrikuarra, Laukizkoarekin batera, zazpi punturekin dago atzetik. «Gaztedi A eta gu antzera ibiliko gara. Indar aldetik eta teknika aldetik hortxe-hortxe gabiltza bi taldeok. Dena dela, guk bigarren postua geure egiteko esperantzak ditugu».
Beraz, momentuz, sailkapen orokorrean hirugarren postua hutsik dago. Erandioko Goierri B taldea lau punturekin dago laugarren postuan eta Gaztedi B, bi punturekin, azken dago.
Etziko aurreikuspena
Etziko norgehiagoka nolakoa izango den galdetzean, bertokoek gauza «estu» egongo dela diote. «Gaztedi A iaz baino makalago dabil eta ondorioz gure parez dago. Horregatik, ezinik ez dugu ikusten», gaineratu du Urrestik.
Asteon egindako entrenamenduetan ere taldeko kide guztiak animo aldeti ondo dabiltzala adierazi du. «Entrenamenduak ondo joan dira eta animatuta gaudenez, baikor goaz finalera».
Behegaina, «ezezaguna»
Baina Urrestiren hitzetan taldeen egoera ez da bigarren postua baldintzatuko duen faktore bakarra. «Behegaina ere kontuan eduki behar dugu. Izan ere, Iurretako behegaina ez dakigu nolakoa izango den; ezezaguna da. Aurreko norgehiagoka guztietan beste txapelketetatik ezagutzen genituen behegainak. Oraingoa aldiz, berria da guztiontzat». Sorpresa izango dela diote eta horrek modu batera edo bestera, eragin egingo duela gaineratu dute.
Txapelketa 17:30ean hasiko bada ere, 15:30etik 16:30era, pisaketa lanak egingo dituzte taldeek, orain arte egin bezala.
Final bat den heinean, emozioa pil-pilean egongo da. Eta hori gutxi balitz, norgehiagoka gehiago estutzeko bigarren postuko berdinketa dago tartean. Beraz, osagai horiekin, 680 kiloko txapelketako finala ikusgarria izango dela aurreikusten dute talde guztiek.
Behin final hau jokatu eta gero, 640 kiloko lur gaineko sokatira txapelketa hasiko da hurrengo astean, ekainaren 2an. Horretan ere talde mutrikuarraren aurkariak 680 kiloko txapelketan izandiren berberak izango dira.