ELAk eta LABek udal euskaltegien egoera «itogarria» dela esan dute
Udal euskaltegien biziraupenari eusteko murrizketei ezetz esan diete ELAk eta LABek. «Udal euskaltegien egoera itogarria da hainbat kasutan. Murrizketak bi aldetatik pairatu dituzte udal euskaltegiek: udalaren aldetik eta Jaurlaritzarenetik».
Bada, Eusko Jaurlaritzaren baliabide ekonomikoak udal euskaltegientzat «ezinbestekoak» direla esan dute bi sindikatuek. «Eta horiek dira, hain zuzen be, gehien murriztu direnak».
Sindikatuen esanetan, PSE-EE Jaurlaritzara ailegatu zenetik hona, egoerak «nabarmen egin du okerrera. Udal euskaltegiekiko murrizketak eta erasoak etengabeak izan dira».
HABEk udalekin udal euskaltegien finantzazioa adosten duela diote, baina diru laguntzak emateko irizpideak HABEk berak ezartzen dituela diote. «Aldebakarreko erabakia da, beraz». Horretaz gain, ikasleek ordaindu beharreko zenbatekoa, euskaltegiek zer nolako zerbitzua eman behar duten eta beste hainbat erabaki HABEk berak zehazten ditu, «dirulgauntzekin xantaia eginez».
Desberdintasunak agerian
HABE eta Eudelen arteko pilota partidan beti erdian egon izan direla salatu dute udal euskaltegietako beharginek. «Batekin eta besteagaz negoziatu izan dugu askotan, baina beti bezala, nagusi biren astoa goseak hil!». Horren aurrean, udal euskaltegietako lan baldintzen artean desberdinatsunak daudela salatu dute.
Egoerak hobera egin bitartean, sindikatuek euskalduntze-alfabetatze sistema publiko duin eta doako baten alde egiten jarraituko dutela gaineratu dute.