Herriarteko txapelketako finalaurrekoak jokatuko dira zapatuan Markina-Xemeingo frontoi nagusian
Bizkaiko XLIII. Herriarteko Esku Pilota Txapelketako finalaurrekoak jokatuko ditu Markinako Eskupilota Taldeak, Galdakaoren kontra, zapatuan, 17:00etan, Markina-Xemeingo frontoi nagusian. Joaneko partidu guztiak irabazi zituen taldeak, eta itzuleran be...
Bizkaiko XLIII. Herriarteko Esku Pilota Txapelketako finalaurrekoak jokatuko ditu Markinako Eskupilota Taldeak, Galdakaoren kontra, zapatuan, 17:00etan, Markina-Xemeingo frontoi nagusian. Joaneko partidu guztiak irabazi zituen taldeak, eta itzuleran be garaipena izango du helburu.
Galdakaon, uste baino errazago irabazi zuen Markinak. 22 eta 2 irabazi zuten kadete mailan jokatzen duten Zubikarai eta Urizarrek, gazteetan, zortzi tantuko aldea atera zieten Albizu eta Pujanak galdakaoztarreri, eta nagusien mailan be, 22 eta 10 gailendu ziren Malasetxebarria eta Kastillo. Bardin ibilita, garaipena Markina-Xemeinen geratuko dela esan daiteke, baina kanporaketa honetan etxeko partidek duten aparteko garrantzia kontuan hartuta, Esku Pilota Taldeak ahalik eta jende kopuru handiena batu nahi du bihar frontoian taldea animatzeko. «Gure pilotariek guztion laguntza behar dute», esan dute.
Itzulerako finalaurrekoa Zubikaraik eta Mendibek, Albizuk eta Pujanak, eta Zapak eta Kastillok jokatuko dute.