Uhagon kulturgunean urtean zehar egiten diren ikastaroen erakustaldiak egingo dira zapatuan 19:00etan Arkupe aurrean. Umeen Ballet eta Karate saioak, eta ondoren Tai Chi, Sabel Dantza eta Saloi Dantza ikastaroen erakustaldiak egongo dira.
Gogoz hasi du denboraldia Lekeitialde taldeak. Joan den asteburuan Igorren egon ziren taldeko txirrindulariak, eta gogor lehiatu zituzten maila desberdinetan burututako lasterketak. Danetara, 14 urtera arteko hamar txirrindulari daude aurten taldean, Txabi Aldazabal, Iker Gojenola eta Juan Miguel Arostegiren gidaritzapean. Bizkai guztian zehar dabiltza probetan parte hartzen. BTTkoak egin zituzten lehenengo, eta orain errepidekoetan parte hartzen dabiltza. Domekan, Gordexolako Eskolartekoan parte hartuko dute.
Dena prest dago San Juan jaieri hasiera emoteko. Egun nagusia ekainaren 24an bada be, bihar izango dira Amalloko jaiak inguru guztietan ezagun egin dituzten kontzertuak. Aurten, formatu txikiagoko kontzertuak antolatu dituzte, ez ordea kalitate txikiagokoak. Halan, Itziarren Semeak, Gose eta Sarekada taldeek girotuko dute Amalloko gaba, eta Joxpak dantza giroa jarriko du ostean. Eskenatoki txikiari beste zati bat gehituko dio Amalloko Jai batzordeak, eta bertan joko dute 22:30etik aurrera, taldeek. Hiru barra be egongo dira, bertatik hurre. Horrek guztiak, giroa batuagoa izatea eragingo du: dena eskura.
Espainiako telebista publikoko La 2 kateko La aventura del saber programan Geoparkeko karstaren inguruko erreportajea emongo dute datorren astelehenean (ekainak 18), 10:00etan. Irudi ikusgarriez gozatzeko aukera ezin hobea izango dute ikus-entzuleek.
Bizkaiko XLIII. Herriarteko Esku Pilota Txapelketako finalaurrekoak jokatuko ditu Markinako Eskupilota Taldeak, Galdakaoren kontra, zapatuan, 17:00etan, Markina-Xemeingo frontoi nagusian. Joaneko partidu guztiak irabazi zituen taldeak, eta itzuleran be...
Asteburuan, Kantabrian burutuko den Besayako Biran egongo da Bizkaiko Selekzioagaz, Josu Angoitia txirrindulari markinarra. Gazte mailako munduko talde onenak parte hartuko dute bira horretan, Luxenburgo, Belgika eta Errusiakoak besteak beste. Iñaki Iturri, Angoitiaren prestatzaileak jakitera emon duenez, markinarrarentzat sari bat da bira horretan parte hartzea. «Munduko onenen alboan esperientzia hartzeko aukera paregabea da», adierazi du.
Garraitz Kirol Taldeak eta Euskadiko Triatloi Federazioak antolatuta, Lekeitioko triatloiaren hogeigarren edizioa lehiatuko da zapatuan. Urtero modura, sprint distantziakoa izango da. Horrela, 750m igeri, 21km bizikletan, eta 5km aringa-aringa egingo dituzte parte hartzaileek. Proba, 2012. urteko Euskal Herriko triatloi zirkuiturako puntuagarria izango da. Aurten be, parte hartzaileen kupoa beteta dago. Horrela, irteeran, 450 triatleta egongo dira, antolakuntzak mugatzen duen parte-hartzaile kopurua. Euren artean egongo dira bai eta Lea-Artibai eta Busturialdeko taldeak be: Ondarroako Koaxi Triatloi Kirol Taldeko kirolariak, Alarabi Lea-Artibai Markina taldekoak, Urdaitri Triatloi Taldekoak eta Garraitz Kirol Taldekoak. Triatloia, 16:00etan hasiko da.