Azaleko melanina neurtuko dute Mutrikuko hondartzan ekainaren 26an eta 27an
Uda sasoian bete-betean sartuta, Ez utzi eguzkiak zure perfileko argazkia aldatu dezan lemapean, Minbiziaren Aurkako Elkarteak prebentzio kanpaina ipini du martxan. Mutrikuko Udaleko Ongizate Batzordeak haiekin elkarlanean dihardu. Kanpainaren helburua...
Uda sasoian bete-betean sartuta, Ez utzi eguzkiak zure perfileko argazkia aldatu dezan lemapean, Minbiziaren Aurkako Elkarteak prebentzio kanpaina ipini du martxan. Mutrikuko Udaleko Ongizate Batzordeak haiekin elkarlanean dihardu. Kanpainaren helburua eguzkitik babesteko jarrera egokiak bultzatzea da. Horretarako, herritarrek azaleko melanina neurtzeko probak egiteko aukera edukiko dute. Probak doan izango dira, eta datorren martitzenean eta eguaztenean egingo dira hondartza inguruan, 10:00etatik 13:00etara.
«Azaleko minbizia, tamalez, gero eta gehiago entzuten den gaitza da. Eguzkia hartzean arduratsuak izatea komeni da, eta zein babes erabili jakitea oinarrizkoa da. Azaleko melanina neurketek babes hori zenbatekoa izan behar den jakiteko balio dute», esan du Arrate Uranga ongizate batzordeburuak. Elkarlanerako apustua Proba momentuan egiten dute. Makina batekin besaurrea ukituta, azalaren melanina kopurua neurtuko dute, eta azalaren ezaugarriak eta erabiliko beharreko babesa zein den jakiten da segituan. «Ekimenaren helburua herritarren artean informazioa zabaltzea da, eta bide batez, elkarteek egiten duten lanaren inguruan herritarrak sentsibilizatzea», nabarmendu du Urangak. Ongizate batzordearen bidez Mutrikuko Udalak minbiziari lotuta egiten duen bigarren ekimena izango da datorren astekoa. «Tabakoaren aurkako kanpainan parte hartu genuen. Aurrera begira, odol-emailekin, zaharren egoitzan lan egiten duten bolodresekin-eta ariko gara elkarlanean, alde batetik egiten duten lana agertarazteko, eta beste alde batetik, egiten dutenaren inguruko informazioa zabaltzeko».