Beti jai inguruko segurtasuna hobetzeko, lanean
Hil honetan hasita eta datozen hileotan, Munitibarko Beti Jai ingurua urbanizatzeari ekingo diote. Bertako segurtasun eza kontuan hartuta, espaloi bi egingo dituzte, besteak beste. Iker Belaustegi Munitibarko alkateak azaldu duenez, «herriak arazo bat...
Hil honetan hasita eta datozen hileotan, Munitibarko Beti Jai ingurua urbanizatzeari ekingo diote. Bertako segurtasun eza kontuan hartuta, espaloi bi egingo dituzte, besteak beste.
Iker Belaustegi Munitibarko alkateak azaldu duenez, «herriak arazo bat izan du beti»; izan be, Gerrikaitzetik, Markina-Xemeindik eta Munitibarko herrigunetik datozen bideek bat egiten duten bidegurutzea «nahiko arriskutsua» da. Alkateak dionez, «kurba oso estua» dago Beti Jaiko bidegurutze horretan. «Horrez gain, komunitate bat dago bertan, eta komunitate horren atariko atea baino errepidea bera altuago dago; horregatik, ura sartzen zaie bertara», azaldu du Belaustegik.
Arazo guzti horiei irtenbidea emon gura izan dio Munitibarko Udalak; hala, Beti Jai inguruko segurtasuna bermatze aldera, lanean hasi ziren 2011. urte bukaeran.Lanen lehenengo faseagaz hasi ziren orduan. Indusketa lanen bitartez, mendiari zati bat kendu zioten.
Hil honetan, bestalde, bigarren faseari ekin gura diote. Lanek irauten duten bitartean, errepidearen kota bajatuko dute, errepidea mendi alderantz desplazatuko dute, eta, azkenik, espaloi bana ezarriko dute alde bakoitzean. Hala, «komunitate horretako arazoak saihestuko ditugu, eta, era berean, kurbako ikuspena hobetuko dugu», dio alkateak. Bigarren fase hori urtea amaitu orduko bukatzea aurreikusten dute.