Mutrikuko Udalak ongizateko bigarren teknikari bat dauka
Eusko Jaurlaritzatik lortutako diru laguntza bati esker, Estitxu Ruiz mutrikuarra ongizate sailean ariko da abendura bitartean. Kontratazioarekin Udalak ongizate saila indartu nahi izan du. “Ongizate Saila herritarrekin, bereziki premia gehien...
Eusko Jaurlaritzatik lortutako diru laguntza bati esker, Estitxu Ruiz mutrikuarra ongizate sailean ariko da abendura bitartean. Kontratazioarekin Udalak ongizate saila indartu nahi izan du. “Ongizate Saila herritarrekin, bereziki premia gehien duten herritarrekin, zuzenean ari den saila da, eta gure lehentasunen artean dago zerbitzu hori ahalik eta eraginkorrena izatea; bizi dugun garaian, are gehiago”, azpimarratu du Ongizate Saileko zinegotzi Arrate Urangak.
Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailetik 5.500 euro eskuratu ditu Mutrikuko Udalak. “Diru horri eta udalak zerbitzu horren beharreztasunari erantzunez egindako esfortzuari esker, jada bigarren teknikaria lanean dago”. Udal ordezkariak egindako kontratazioa luzatzea lortu nahi dute orain, eta jakinarazi dutenez, hori lortzeko lanean ari dira.
Hautaketa prozesua
Mutrikuko Udalak hainbat gauza hartu ditu kontuan bigarren teknikaria aukeratzeko orduanm baina langilearen lan esperientziak pisu nabarmena eduki du. Udalak ezarritako irizpideak ondokoak izan dira: gizarte gaietan diplomatua izatea; gizarte.net aplikazioa erabiltzen jakitea; esperientzia edukitzea, bereziki, bazterkerian eta adin txikikoen arloan, eta aurrez lan horietan aritu izana. Gainera, herritarra izatea meritutzat hartu da.
Gizarte Laguntzaileen Elkargoaren laguntzarekin egin dute hautaketa. Ruizek, besteak beste, hamar urtez egin du lan Zumaiako Ongizate Sailean.
