VII. Ermitarik ermita mendi martxan izena emon daiteke dagoeneko
Aulestiko ermitarik ermita mendi martxa urriaren 20an ospatuko dute aurten, eta dagoeneko izena emoteko aukera du parte hartu nahi duenak. Iaz bezala, aurten be ibilbide biren artean aukeratu ahal izango du herritarrak; izan be, ibilbide osoa eta laburra antolatu dituzte.
Aurten, zazpigarrenez egingo dute herriko ermitak lotzen dituen mendi irteera. Ekimenak arrakasta handia lortu du aulestiarren zein kanpokoen artean; hainbat dira urtero-urtero hutsik egin barik mendi irteeran parte hartzen dutenak. Iaz, esaterako, 780 bat lagunek parte hartu zuten. Aulestiko Udaletik aipatu dutenez, «urterik urtera jende gehiagok emoten du izena martxan».
Udalak jakinarazi duenez, kamiseta oroigarri bana emongo diote antolatzaileek parte hartzaileei. Horrez gain, 13:00etatik aurrera kopaua be izango dute aukeran martxan parte hartutakoek. Gainera, aparkalekuak zehaztuta egongo direla eta dutxatzeko aukera be egongo dela azaldu dute.
Aipatu bezala, ibilbide bi egongo dira: laburra eta luzea. Laburra egiten dutenek honako ibilbidea egin beharko dute: Parkea-Murelaga-Garatxaga-Lekerika-Narea eta amaitzeko, Aulestiko plazan. Luzea egiten dutenek, ostera, honakoa: Aulestiko plaza-San Antonio- Goierri-Urregarai-Malats-Zubero-Urriola-Murelaga-Garatxaga-Lekerika-Narea-Aulestiko plaza.
Izena emotea, hilaren 16ra arte
Hala, izena emon nahi duenak urriaren 16ra arte izango du horretarako aukera, Aulestiko udaletxera deituta (94 627 90 06). 14 urtera arteko parte hartzaile bakoitzak 7 euro ordaindu beharko ditu, eta 14 urtetik gorako bakoitzak, ostera, 15 euro.