Etxeetako bibliotekak antolatuko ditu Markina-Xemeingo herri bibliotekak
Markina-Xemeingo herri bibliotekak Astindu etxeko liburuak kanpaina jarri du martxan. Herritarrei euren bibliotekak antolatzea eskainiko diote eta herritarrek, ordez, liburuak utziko dizkiote bibliotekari. Antolakuntza pertsonalizatua izango da, norber...
Markina-Xemeingo herri bibliotekak Astindu etxeko liburuak kanpaina jarri du martxan. Herritarrei euren bibliotekak antolatzea eskainiko diote eta herritarrek, ordez, liburuak utziko dizkiote bibliotekari. Antolakuntza pertsonalizatua izango da, norbere gustura. Horrela, liburuak liburutegira eroan ahal izango dira antolatzeko edo norbere etxera joango da bibliotekako arduraduna biblioteka egokitzera. Gainera, bakoitzak aukeratuko du zeintzuk liburu utzi nahi dizkion bibliotekari.
Uzten diren liburuak, bakoitzak bere etxean edukiko ditu, baina bibliotekako datu basean egongo dira. Horrela, bateren batek eskaria eginez gero, jabeari galdetuko zaio ea utziko duen. Bibliotekako arduraduna joango da liburuaren bila edo bien artean adostuko dute eskualdatzea zelan egin. Proiektu horretan parte hartzeko, bibliotekara joatea besterik ez da egin behar. Gainera, parte hartzen dutenek opari bat edukiko dutela aurreratu dute bibliotekako arduradunek. Proiektu honen helburua, etxeetan erabili barik dauden liburuei irtenbide bat emotea da. “Best seller-ak kudeatu ahal izango ditugu, eskoletan derrigorrezko irakurketa diren liburuak ez dira erosi beharko, eta unibertsitateko gidaliburuak eskuragarri egongo dira”, azaldu du Igor Idoeta herri bibliotekako arduradunak.