Luterl Taldea omenduko du Getxoko Komiki Azokak
Getxoko Komiki Azokak Luterl Taldea euskal kolektiboa omenduko du, binetaren mundua zabaltzeko egindako beharrarengatik. Omenaldia azokaren irekiera egunean egingo da, azaroaren 23an, Areetako Geltokia plazan ipiniko den karpan. Luterl Taldea 1983an s...
Getxoko Komiki Azokak Luterl Taldea euskal kolektiboa omenduko du, binetaren mundua zabaltzeko egindako beharrarengatik. Omenaldia azokaren irekiera egunean egingo da, azaroaren 23an, Areetako Geltokia plazan ipiniko den karpan.
Luterl Taldea 1983an sortu zen, Ondarroan, binetaren mundua jardueren bitartez hedatzeko. Taldearen lehenengo ekitaldia komiki erakusketa bat izan zen, eta 1984an Globho fanzinaren lehen zenbakia kaleratu zuten. Ondarroako Komiki Jardunaldiak be antolatzen ditu taldeak: 15 alditan, erakusketak, hitzaldiak, aurkezpenak, kontzertuak eta proiekzioak egon dira. Jardunaldien 10. aldian, garaiko Euskal Herriko egile gehienak bildu ziren artista topaketan, «aurrekari bariko» ekimen batean.
Hurrengo argitalpenak kaleratu dituzte Luterlekoek: Globho fanzina (13 zenbaki), Globhito buletina (19 zenbaki), Globhorma aldizkari murala (20 zenbaki), Globoshonda sorta Ondarroako artisten bilduma (3 zenbaki), bai eta Roberto Garayren Kapitan Kaoporrex eta Josu Garalderen Itxasoko deabruak komikiak.