Bide segurtasunaren garrantzia azpimarratzeko kanpaina abian jarri dute Mutrikuko Udalak eta guraso elkarteek
Umeen segurtasuna bermatzea da kanpainaren lehenengo zatiaren helburu nagusia. Guraso elkarteen eta udalaren esanetan, benetako egoera batek eraginda ekin dute kanpaina. Izan ere, herriko hainbat eragilek kezka bera azaldu dute. “Besteak beste, ...
Umeen segurtasuna bermatzea da kanpainaren lehenengo zatiaren helburu nagusia. Guraso elkarteen eta udalaren esanetan, benetako egoera batek eraginda ekin dute kanpaina. Izan ere, herriko hainbat eragilek kezka bera azaldu dute. “Besteak beste, udaltzainek, osasun sailean lan egiten dutenek eta gurasoek eurek ikusi dute umeak autoan eramaterakoan, ez direla beti behar bezalako neurriak hartzen”, adierazi du ongizate zinegotzi Arrate Urangak.
“Auto bakoitzean ume gehiegi joaten dira, segurtasun uhala eta aulkiak ez dira beti erabiltzen, presaka ibiltzeak arazoak sortarazi ditu… Gainera, oinez doazenean ere ez dira segurtasun neurriak zaintzen. Hori ikusita, informazioa zabaltzea beharrezkotzat jo dugu”.
Udalaren kezka ez da umeenganakoa bakarrik, zabalakoa da. “Umeekin ekin diogu kanpainari, baina gazteak ere gogoan ditugu. Haientzako, ordea, panteamendua ezberdina izango da: haiekin elkarlanean aritzea da asmoa. Bigarren fase baten ekingo diogu lan horri”.
Sentsibilizazio kanpainaren lehen zatiaren berri emateko, udalak eta guraso elkarteek eskuorriak banatu dizkiete herriko gurasoei. Eskuorriarekin batera, informazio kanpainaren zergatia eta helburuak azaltzen dituen eskutitza ere helarazi zaie gurasoei.
