Markina-Xemeingo rokodromoa, zabalik
Hainbat lagun batu ziren astelehen iluntzean Atxondo kiroldegian, rokodromo barria ezagutzeko. Urtarrilera arte doan ibilia ahalko da bertan, eta martitzen eta eguenetan monitoreak egongo dira. Nagusiak ez ziren animatu eskalatzera baina, txikiak, gora...
Hainbat lagun batu ziren astelehen iluntzean Atxondo kiroldegian, rokodromo barria ezagutzeko. Urtarrilera arte doan ibilia ahalko da bertan, eta martitzen eta eguenetan monitoreak egongo dira. Nagusiak ez ziren animatu eskalatzera baina, txikiak, gora eta behera ibili ziren soketan eta paneletan. Aukera bi horiek eskainiko ditu rokodromoak, eta erabilpena ikusteko erakusketa egin zuten inaugurazioan Ondarroako Aurrera Eskalada Taldeko Iñaki Arantzamendi, Ruben Osa eta Jon Ferrerok. Hirurak aritu ziren gero, umeei gora egiten laguntzen.
Astelehenetik domekara
Rokodromoa astelehenetik domekara egongo da zabalik, kiroldegiaren ordutegian: astelehenetik barikura 09:30etik 21:00etara, zapatuetan 09:30etik 12:30era eta 16:00etatik 19:30era, eta domeketan 09:30etik 12:30era.
Monitoreak, barriz, momentuz, 18:00etatik 20:00etara egongo dira martitzen eta eguenetan. Eurak dauden bitartean, materiala eskainiko dute, bestela, bakoitzak berea eroan beharko du. Azaroan, herriko monitoreak egongo dira laguntzen, abenduan barriz, enpresak hartutakoak.
Urtarrilera arte rokodromoaren erabilpena doan izatea erabaki du Markina-Xemeingo Udalak, baina hortik aurrera jarriko duten zenbatekoa zehazteko dago. «Tasa barriak finkatzeko daude, eta kiroldegia ustiatzen duen enpresagaz zehaztuko ditugu», azaldu du udaleko kirol arduradun Joseba Iraolagoitiak.