
Soloan konposta egiteko ikastaroa, Guzur Etxean
Ondarroako Udalak soloan konposta egiteko potoak banatu ditu herriko hamahiru familiaren artean. Ikastaro bat jasota, hilabete bat barru, teknikarien bisita jasoko dute, konposta prozesua ondo doan jakiteko.
Guztira 35 familia daude konposta egiten, bai Ibaiondoko konposta egiteko tokian, bai eta euren soloetan ere. Udalaren neurketen arabera, uztailean martxan hasi zirenetik, Ibaiondoko konpostagailuetan 4.000 kilo hondakin organiko konpostatu dituzte. Lehenengo ongarria aste batzuk barru jasoko dute.
Konposta egiteko kanpaina hasi zenetik, 110 familia baino gehiagok eman dute izena. Interesa daukaten herritarrek komunikazioa@ondarroakoudala.net helbidera idatzi behar dute edo udaletxera deitu. Soloan konposta egin nahi dutenei potoa eta konposta nahastekoa emango die udalak.
Bestalde, Artibai kaleko gune berria prest dago, baina oraindik ez dute martxan ipini. Izan ere, konposta egiteko etxeko jatekoak material lehorragaz nahastu behar dira, eta udala herriko zuhaitzen adarrak mozten eta batzen dabil, txikitu eta urte guztirako material lehorra edukitzeko.
Bihar eta etzi, talde bilerak
Bihar, urtarrlak 21, jarraituko du udalak hondakinei buruz berba egiteko bilerekin, etorkizunerako zelako alternatibak dauden aztertzeko. Kultur eta kirol taldeekin batuko da udala gaur, 19:00etan, udaletxean; etzi, berriz –urtarrilak 22–, ordu berean, Etxelilan egingo dute batzarra, berdintasuna lantzen duten taldeekin. Batzarrak irekiak dira, eta interesa daukaten herritar guztiek parte hartu ahal izango dute.