
Arrasate. Argazkia: Real Sociedad
Jagoba Arrasate BBVA Ligako abenduko entrenatzaile onena da. Espainiako Liga Profesionaleko ordezkaritza batek bihar emango dio saria Zubietan ateak itxita egingo den lan saioaren aurretik. Entrenatzaile txuri-urdina ohorezko taulan sartu da era horretan: Marcelino Garcia (iraila), Simeone (urria) eta Francisco (azaroa) dira aurreko hilabeteetan saritu dituztenak.
Hitzari jakitera eman dionez, ezustean, baina gauzak ondo egiten ari den poztasunagaz eta ilusioz bete-bete hartuko du erabakia. “Abendu ona egin genuen, bost partidu irabazi genituen”, adierazi du. Horren adierazgarri, Carlos Vela Realeko aurrelariari emango diote bihar jokalari onenaren saria.
“Arraroa da talde bereko biri ematea, eta pozik gaude”, esan du.
Denboraldi hasiera atzean lagata, gustura dago berriatuarra taldean, gustura eta sentsazio onekin. “Hasieran aldaketa handia izan zen, baina orain ondo ari gara lanean. Sentsazio oso onak dauzkagu taldean”.
Aurten sortu ditu LFPk sariak; Europako beste ligatan ohitura dira aspalditik. Sariak hilero ematen dra, eta lau jakitunek osatutako batzordeak erabakitzen ditu.