
Bertsolaritzak eta ikus-entzunezkoak bat egingo dute Mutrikuko Zabiel kultur etxean bihar gauean.
Mutrikuko Zine Forum taldeak eta Mutrikuko Bertso Eskolak elkarlanean, Berts-formance bat eta
Bertsolari dokumentalaren emanaldia antolatu dute.
22:00etan egin dute herritar guztiekin hitzordua. «Ikus-entzunezko saio bat prestatu du bertso eskolak, bertso-antzerki estiloko zerbait, bertso eskolan egiten dituzten gauzak kontatuko dituzte bertsoen bidez, umore pixka batekin», azaldu du Unai Belaustegi zine forum taldeko kideak.
Bertsolaritza, mundu zabalera
Haren ostean emango dute film dokumentala. Asier Altunak idatzi eta zuzendu zuen, eta 2011. urteko urriaren 14an estreinatu zen. 85 minutuan bertsolaritzaren nondik norakoak erakusten ditu filmak, era erraz batean. Hasieratik saiatu zen lan taldea gaia zabaltzen eta zerbait unibertsala egiten, eta bertsolaritzaz ezer ez dakienak ere ulertzeko moduko filma egin zuten. Zinema aldetik ere interesa duen film dokumentala da Bertsolari; horri arreta berezia eskaini zion Altunak. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Sarasua, John Miles Foley, Joseba Zulaika eta Miren Amuriza agertzen dira dokumentalean.