
Karraspio hondartza
Aurtengo neguko itsas oldarraldien ondorioak antzeman daitezke oraindik orain kostako herrietan. Denborale zakarrek eragindako kalteak handiak izan ziren hainbat lekutan, eta handiak dira haien ostean egin beharreko konponketak ere. Lanetako batzuk hasi dituzten arren, asko eta asko ezin izango dituzte Aste Santuko oporraldirako amaituta izan.
Hondartzak garbitu eta hareatzetako azpiegiturak konpontzeaz gain, besteak beste, Mendexan hasi dituzte enbaten ostekoak konpontzeko obrak, eta Ondarroan gaur hasiko dituzte. Mendexan irudi ikusgarriak laga zituen otsailaren 2ko denboraleak, Karraspio hondartzako pasealekua txiki-txiki egin baitzuen oldarraldiak. Espainiako Ingurumen Ministerioak 821.621 euro bideratu ditu berori berreraikitzera, eta han dira dagoeneko makina hondeatzaileak. Alkateak jakinarazi duenez, baina, oraindik udalak ez dauka proiektuaren berri, eta, oraingoz, lursaila prestatzen eta berrerabili daitezkeen harriak gordetzen dabiltza beharginak. Zehaztu duenez, alabaina, udako denboraldirako prest egongo da pasealekua, epeak betetzen ari baitira.
Ondarroan, Arrigorri-Saturraran pasealekuko lanak dira Ingurumen Ministerioak egin beharrekoak. Gaur hasiko dituzte lanak, eta 680.000 eurokoa da aurrekontua. Pasealekuan dauden harriak kenduko dituzte orain, eta Arrigorri hondartzako sarrerako eskailera konpondu. Aste Santu ostean egingo dituzte lanik handienak: pasealekuko horma garbituko dute, eta sarea aldatu.
Jaurlaritzako Ingurumen Sailak jakinarazi duenez, bestalde, Mundakako, Lekeitioko, Ondarroako eta Debako portuetan dragatuak egingo dituzte, denboraleek mugitutako 66.000 metro kubiko hondar inguru kentzeko. Izan ere, Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Anguloren esanetan, “neguaren eta denboraleen ondorioz, ohikoa izaten da sedimentuak eta hondarrak metatzea, eta portuak dragatzeko planak gutxieneko sakonera bat ezartzen du portu-eremu bakoitzerako”.
Hori horrela, 30.600 metro kubiko harea dragatuko dituzte Lekeition, 25.000 Ondarroan, eta 5.300 Mundakan. Iazko datuekin alderatuta, aurtengoak askoz ere esanguratsuagoak dira, Lekeitioko portutik 4.580 metro kubiko kendu baitzituzten orduko hartan, eta 617 metro kubiko Mundakako portutik (2013an Ondarroan ez zuten dragaturik egin). Hiru horietako eta Debako lanek 800.000 euro inguruko kostua edukiko dute.
Azkenik, 600.000 euroko aurrekontua izan dute Mutrikuko porturako sarbidea konpontzeko lanek. Urrian hasi zituzten, eta Jaurlaritzak joan den barikuan eman zituen amaitutzat.
Obra esanguratsuenak, herriz herri
Lekeitio
- Portua. 30.600 metro kubiko harea dragatuko ditu Eusko Jaurlaritzak (iaz 4.580 metro koadro izan ziren).
Mendexa
- Karraspio hondartza. Pasealekua berreraikitzeko 821.621 euroko aurrekontua dauka Espainiako Ingurumen Ministerioak.
Mutriku
- Porturako sarbidea. Errepidea konpondu ostean, joan den barikuan amaitu zituzten lanak. Gutxi gorabehera, 600.000 euroko aurrekontua izan du Jaurlaritzak.
Ondarroa
- Portua. 25.000 metro kubiko harea dragatuko ditu Eusko Jaurlaritzak (iaz ez zuten dragaturik egin behar izan).
- Arrigorri-Saturraran pasealekua. Ingurumen Ministerioak 680.000 euro bideratu ditu berreraikuntzara. sukarrieta pToƱa hondartzaren ingurua. Alicante hondartza-solariumeko horma berreraikitzeko 20.000 euroko partida aurreikusi du Ingurumen Ministerioak.