
Amets Txurrukak gaurko etaparen amaieran esan duen modura, «erlojuz kontrakoan erabakiko da dana Markina-Xemeinen». Arratek ez du Itzulia erabaki, eta erlojupekoan izango den ala ez jakin ezin den arren ziur da Itzulia bihar edo etzi Markina-Xemeinen erabakiko dela.
Wouter Poels izan da gaurko garailea, eta bere atzetik sartu dira Alejandro Valverde eta Samuel Sanchez. Valverdek 2 segundo atera dizkio Contadorreri eta 12 segundo Michal Kwiatkowskiri. Sailkapen nagusiko buruan jarraitzen dute beraz, Contadorrek eta Valverdek, baina hurre dituzte atzeko txirrindulari guztiak. Tarte hori gutxitzea zen sailkapeneko txirrindulari buruen helburua baina, ez dute lortu.

Indar faltan dabil Itzuli honetan Amets Txurruka. «Ez nago oso ondo», dio. Hala ere, bihar etxean arituta motibaziorik ez zaiola falta esan du Etxebarriko txirrindulariak. «Ahalegina egingo dugu». Gaur errepidean bere izena aurkitu du Txurrukak nonnahi, eta zaletuen animorik ez zaio falta izan. «Emozionantea izan da igoera, asko eskertzen diet zaletuei», adierazi du.
Egun gogorra izan da gaurkoa baita Beñat Intxaustirentzat. «Abiadura handia hartu dugu eta ibilbide oso gogorra izan da, eta azkenean, indarrez justu ailegatu gara», aitortu du. Muxikarrarentzat eta bere taldearentzat ondo joan da etapa: «2 segundo kendu dizkio Valverdek Contadorri eta ondorio positiboa da guretzat».