
1936an Berriatuko Udalean zegoen bandera
II. Errepublika aldarrikatu zen egun berean ipiniko da bandera, Musika Plazan. “Errepublika haren inguruan gauza asko eztabaidatu ditzakegu. Batez ere, euskaldunon eskubideak berandu eta mugatuta onartu zituela aipatu beharko genuke”, adierazi du Ondarroako Udalak. “Baina ezin dugu ukatu urte haietan espainiar estatuan aurrerapen sozial handiak eman zirela: hezkuntzan, lan eskubideetan, kultur eta erlijio aniztasunean… Balio haietako askorekin bat egiten dugu gaur egun ere”, nabarmendu dute udal ordezkariek. Gogoratu dute frankismoak eten egin zuela esperientzia hura, “altxamendu militar faxistak eten ere”, eta Errepublika hura eta Euskal Estatutua defendatu zuten Ondarroako abertzale, ezkertiar eta errepublikar asko zigortu edo hil egin zituztela Francoren aldekoek. “Saturraranen ehunka ume eta emakume hil zituzten, eta gaur da eguna han hildako askoren gorputzak non dauden ez dakiguna. Trantsizioak frankismoa zigorrik gabe laga zuen. Diktadurako urte haietan lortutako pribilejioak mantendu egin zituzten elite ekonomiko, politiko, militar eta erlijiosoek”.
Autodeterminazio aldarrikapena
Espainiako Estatuan jende askok ez zuen onartu trantsizio hura. II. Errepublikako balore eta ikurrekin bat egin zuen, eta haustura demokratikoa aldarrikatu zuen. Urte hauetan guztietan, errepublika zale horiek behin baino gehiagotan babestu dituzte euskaldunon aldarrikapenak. Errepublikaren aldeko manifestu guztietan argi eta garbi azaltzen dute espainiar estatuko nazioek autodeterminaziorako eskubidea daukatela.
“Beraz, herri honen eskubideak aitortzen dituzten milaka espainiar errepublikazaleen omenez, balio aurrerakoi eta demokratikoen alde hil ziren gudari eta boluntarioen izenean eta Saturraranen hil zituzten ume eta emakume guztiengatik, bandera errepublikarra eskegiko dugu Musika Plazan. Herrien arteko elkartasunaren, aurrerapen sozialaren eta autodeterminazioaren alde!”.