Ondarroako Antxoa Egunak herria bete-bete egin du
https://www.youtube.com/watch?v=kybCMiv4gHw Turrunak jotzearekin batera Antxoa Egunak eztanda egin zuen Ondarroako Alde Zaharrean. Eguraldia lagun, jende pila batu zen elkarte gastronomikoek prestaturiko antxoa pintxoak jateko gogoarekin. Aukeran, eguneko protagonista hainbat eratara prestatua jan zitekeen, baina batez ere, hilara handienak antxoa kroketak jateko egon ziren. Zubi Zaharraren inguruan, jendea ordu erdiz baino gehiago, zain ere egon zen pintxo goxoa jateko.
“Minutu asko daramatzagu hemen hilaran zain, baina, itxaroteak eduki du bere saria. Sekulakoa dago antxoazko kroketa”, zioen andre kuadrilla handi bateko kideetako batek.
Haruntzago, antxoa zelan garbitzen eta oliotan zelan ipintzen zen erakusten ari zen andre kuadrillatxo bat.
“Lehenengo eta behin, antxoei tripak garbitu eta gatzetan jartzen dira. Ostean, gatzetan ondo eduki ostean, hezurrak kendu eta azala kentzen zaie. Azkenik, oliotan kontserban sartzeko”, adierazi zuen beharrean ari zen emakumeetariko batek.Jai usaina herri osoan zabaldu zen, eta zelan ez, kantuak han hemenka entzun zitezkeen. Herritar talde bat, kalerik kale kanta herrikoiak abesten aritu zen, eta horrek sekulako giroa sortu zuen euren inguruan. Horrez gain, Kalekutzeko eskaileretan Musika Eskolako umeek sekulako kantaldia eskaini zuten han aurrean batuta zeuden herritar guztien aurrean.
Bien bitartean, jaiak aurrera jarraitzen zuen. Alde Zaharrean, ez eze, Alamedan ere herriko hainbat kontserbagileen produktuak erosteko aukera egon zen.
Musika Eskolako umeen kantaldiaren ostean, sari banaketekin hasi ziren. Lehenengo eta behin, Zumaia eta Ondarroa arteko belaontzien txapelak banatu zizkien lehenengo hiru onenei, Ai Ama ontzi getariarra izan zen onena. Bigarren urtez jarraian egiten den estropada honetan, 14 belaontzik parte hartu zuten. “Aurreko urtean ere parte hartu genuen, baina bigarren egin genuen. Hasiera batean zaila egon da, haize gutxi zegoen eta olatu handia. Gero, aldiz, ipar-ekialdeko haize gehiago azaldu da eta estropadak itxura hobeagoa hartu du, primeran amaitu dugu. Denbora guztian lehen postuan joan gara, zorionez. Zortea eduki dugu, lehen postuan irten dugu eta berari eustea lortu dugu”, azaldu zeun Ai Ama belaontziko patroiak.
Azkenik, aurtengo Zilarrezko Antxoa saria banatu zen herritar guztien aurrean. Eusko Jaurlaritzako Itsas eta Nekazaritza sailburuordeak, Bittor Orozek, Arrantza Eskolako zuzendariari, Mikel Santisori, eman zion sari preziatua. Saria “pozik” hartu zuen Santisok Ondaroako Arrantza Eskola guztiaren izenean. Jaiak goizaldeko ordu txikiak arte jarraitu du nahi duen guztiarentzako.
Argazki galeria [nggallery ID=153]