Lehenengo Jai Alai zirkuituaren aurkezpena: informazioa eta bideoa
https://www.youtube.com/watch?v=0ACwxZn7QC0 "Zesta-punta taldeak inoiz ez dira hain batuta egon", esan du Patxi Juaristi Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidenteak Lehenengo Jai Alai Zirkuituaren aurkezpenean. Argudio hori babesteko, lehenengo zirkuitu horrekin zesta-puntako 15 taldek bat egin dutela gaineratu du Juaristik, "inoiz ez bezala". Zirkuitua hiru txapelketek osatuko dute eta lehenengoa Markina-Xemeinen hasiko da. Oro har, zirkuituak "berebiziko" garrantzia duela azpimarratu du Patxi Juaristi . "Orain arte ez modura, txapelketa jokatzezko zesta-puntako talde gehienek Federazioagaz bat egin dute".
Lehenengo Jai Alai Zirkuituarekin, Federazioak ahalik eta kalitatea maila handieneko txapelketa antolatu nahi izan duela esan du Patxi Juaristi Federazioko lehendakariakMarkina-Xemeinen lehenengo txapelketa jokatu eta gero, hurrengo bi txapelketak, Mutrikun eta Donostian jokatuko dira, uztailaren 19an eta 26an eta 27an eta 30ean, hurrenez hurren. Zestalariei dagokienez, lau bikotek parte hartuko dute zirkuituan. “Lau bikote horiek zesta-puntako onenak dira eta finalak eta finalaurrekoak jokatuko dira eurekin, bi egunetan leku bakoitzean”. Zestalariei dagokienez, zirkuituan parte hartzeko gonbidapena “guztiei” egin zaiela gaineratu du Juaristik. “Markina-Xemeingo txapelketako lehenengo finalaurrekoa Iñaki Goikoetxea eta Jonatan Hernandezek eta Manex Urtasunek eta Diego Beaskoetxeak jokatuko dute domekan [uztailak 6]”. Bigarren finalaurrekoa, ostera, Foronda-Irastorzak eta Hormaetxea-Lopezek jokatuko dute, uztailaren 13an. Txapelketaren aurkezpena Markina-Xemeingo udaletxean egin dute eta han izan dira Juaristi, Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkatea eta Felix Espilla puntista ohia. Eurekin batera, bost puntista egon dira. Egitasmoaren sorrera urte bat atzeragotik datorrela azaldu du Juaristik. “Gernikako Foruan azterketa bat egin zen eta handik iritzi batzuk atera ziren. Euskadiko Federazioari diagnostikoa egiteko eskatu zitzaion eta nahiko emaitza esanguratsuak atera ziren. Horri jarraituz, Federazioari sortuko zen proiektuaren ardura edukitzeko eskatu zitzaion eta Federazioak baietz esan zuen”. Egitasmo berriaren aurrean, Federazioak “indarrak batu” eta zer edo zer antolatzeko “gogotsu” zegoela jakin eragin zien taldeei. “Garaiak errazak ez badira ere”, gaur [uztailak 4] Markina-Xemeinen aurkeztutako Zirkuitua urte beteko lanaren emaitza dela esan du Juaristik. “Eta datorren urtera begira ere egitasmoa antolatzen jarraituko dugu, urtetik urtera hobetuz”. Halaber, azken helburua zirkuitu internazional bat antolatzea dela esan du. Beste alde batetik, zestalariek ere euren poza erakutsi dute. “Pozik gaude zirkuitu honetan parte hartuko dugulako”, esan dute aho batez. Bestalde, Dukek, zirkuituarekin, Federazioak zesta-puntaren alde egin duela gaineratu du. Jai Alivek antolatutako World Tour-ean zergatik ez duten parte hartu galdetzean, Goikoetxeak ondokoa erantzun du: “Jai Alaiven World Tour-a ez da proiektu serioa zesta-puntarentzako”. Enpresa pribatuen interesen aurrean, “beti” Federazioaren alde egingo dutela gaineratu du.