Markina-Xemeingo
Iturreta auzoan Kristobal Deunaren Eguna ospatu zuten domekan. Ohiko meza eta bedeinkazioaren ostean, zaldi probak eta txinga jaurtitzea bikoteka egon ziren goizean.

Umeek, bestalde, puzgarriekin jolasteko aukera izan zuten. Arratsaldeko
idi demak jende asko batu zuen Iturretako probalekuaren inguruan. Orioko Olidenek lortu zituen sari nagusiko 1.000 euroak, estalkiak eta garaikurra. Bestalde, Iturretako jaietako zozketako zenbakia atera zuten: 1.832. Berehala agertu zen sariduna.
Oizen ere, giro ederrean
Oizen ere, giro ederrean ospatu zituzten sankristobalak. Jendetza polita batu zen ermita inguruan.
Esteibarrek eta Obietak giroa ederto batean alaitu zuten egun osoan. Eguerdi aldera, LOMCEren aurkako ekintza bat egin zuten, eta arratsaldean, Txopitturri guraso elkartearen urteroko zozketa egin zen. 600 euro eraman zituen zenbaki saritua 2.026 zenbakia izan zen, saritua hilabeteko epean azalduko ez balitz, 7.598 zenbakiak eramango luke saria.
Karmenak, Ondarroan
Galizia Etxeak antolatutako Karmen jaiak ospatu dituzte Ondarroan. Hiru egunetan hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera egon da, eta emaitzagaz pozik agertu dira antolatzaileak.

Egunez eta gauez, kontzertuetan jende kopuru polita ibili dela agertu dute antolatzaileek, eta zapatu gauean egin zen queimada ere oso arrakastatsua izan zen. «Sekulako jende pila batu zen Itsasaurren». Domekan itsasoan hildako eta galdutako arrantzaleak gogoratzeko egin zen prozesio xumea ere oso polita izan zen. Jaiak zozketa batekin amaitu zituzten. Lehen saria 11.593 zenbakia izan zen; irabazleak 600 euro eramango ditu. Bigarren saria, ostera, 01912 zenbakiarentzat izan da. Sari legez, Debako Aisia hotelean asteburu bateko egonaldia irabaziko du zenbaki horren jabeak. «Saridunik ez da agertu», esan dute antolatzaileek.