
Berriatuko Madalena auzoan dantzan ibili ziren domekan
Berriatuko Madalena auzoan bariku iluntzeko bolandera eta kanpai hotsek eman zien hasiera Madalen jaiei. Karta jokuekin hasi zuten hurrengo eguna, eta eguraldi txarra zela eta, arratsalderako pentsatuta zituzten umeen jolasak ezin izan zituzten egin. Halan eta guzti ere, zapatu iluntzean ez zen jokorik falta auzoan. “Herriko kuadrilla bat ezkon aurreko jaia egitera etorri da, eta sekulako giroa ipini dute. Sokatira, aulki jokoa… betiko jolas piloa egin dituzte”, azaldu zuten auzotarrek.
Domekan meza ostean, trikitilariak, bertsoak eta dantzak egon ziren, eta arratsaldean, aldiz, herri kirolak. Harrijasotzaile eta aizkora saioaren ostean,
Mendaroko neskak Orioko Moxtaken aurkako emakumee desafioa ikusten hainbeste jende batu zen.
“2 metroko aldeagatik”, Oriotarrek irabazi zuten norgehiagoka. Domeka iluntzeko kintopeko idi proben ostean,
karretilaren eta afariaren zozketa egin zen.
Lehen saria 1431 zenbakiarentzat, eta
bigarren saria 1243 zenbakiarentzat izan dira.
Ordezko zenbakiak 2386 eta 2986 atera ziren, hurrenez hurren.
Jaiak gaur amaituko dira, madalen egun handiagaz. 12:00etan, meza nagusia egingo dute, eta ostean, auzoko trikitilariek emanaldia egongo da. 14:00etan, auzotarren bazkariagaz agur esango die aurtengo madalenei.

Aulestiko Urriola auzoan ere Madalenak ospatu dituzte asteburuan
Aulestiko Urriola auzoan ere Madalenetan ibili ziren zapatuan. Eguerdian meza eta tiragoma txapelketa egin ostean, arratsaldean, briska eta umeen jolasak egin ziren.
Betiko jolasetan 30 bat gaztetxo batu ziren, eta euria hasi bazuen ere, aterpean sartuta “pozik” ibili ziren jolasean.
Gaueko erromeriak hainbeste jende batu zuen, batez ere txerri harrapaketak. “Inork ez du txerririk harrapatu; ihes egin du. Gaur arratsaldean, ihes eginda zebilen”, azaldu dute auzotarrek. Txerri harrapaketa egin eta gero erromerian jarraitu zutenek, indarrak hartzeko, berakatz zopa beroa izan zuten aukeran goizaldeko ordu txikietan.
Argazki galeria [nggallery ID=186]