
Jendetza batu zen zapatuan Mutrikuko Miruaitz frontoian Jai Alai zirkuituko bigarren txapelketako final erdiak ikusteko. Lehen finalerdian Hormaetxeak eta Irastorzak 17-25 irabazi zieten Forondari eta Lopezi. Partidu bikaina jokatu zuten lau pilotariek, eta batez ere fin aritu ziren gaur egun punta-puntan dabiltzan bi atzelariak. Partidua berdinduta hasi zen, eta 15 tantura arte berdinduta ibili ziren, Irastorzaren eskuinak diferentzia markatu zuen arte.
Beste final erdian Goikoetxea eta Urtasun 22-25 nagusitu ziren Beaskoetxearen eta Hernandezen kontra. Horiek ere maila oso ona erakutsi zuten, eta 22. tantura arte berdinketa handia izan zen bi bikoteen artean. Hortik aurrera, baina, Goikoetxeak bere gain hartu zuen partiduaren zama eta erremate ikusgarriak eginez partidua bereganatzea lortu zuen.
Finala zapatu honetan jokatuko dute Mutriko Miruaitz frontoian 22:00etan hasita.