Jose Luis Jaio udaltzainak esan duenez, ez zuten jaso erlauntza kenduko zuten “ezelako abisurik”, eta herritar asko “beldurtu” eta “kezkatu” egin ziren halako orduetan tiro hotsak entzutean. “Auzokideek hogei tiro entzun zituzten, eta gaur goizean kezkatuta etorri dira, zer izan zen galdetzen”, esan du. “Erakundeek lana koordinatuta egitearen garrantziaz hitz egiten digute sarritan, eta gero, inor kontuan hartu barik, inori abisatu ere egin barik aritzen dira”, salatu du.
Gaineratu duenez, atzoko tiro hotsaren jatorria aulestiar batek emandako informazioari esker jakin dute gaur, ez aldundiak jakitera eman dielako: “Foru Aldundiko basozainak beste herri batean lanean egon zirenean, Aulestira joatekoak zirela komentatu zuten, eta aulestiar batek entzun zuen aipamen hori. Horrela jakin dugu atzo gaueko tiro hotsen jatorria. Gutxienez, abisatzea zeukaten, herritarrak jakinaren gainean ipintzeko”.
Jaiok azaldu duenez, joan den astean liztorren erlauntza bat kendu zuten suhiltzaileek BBK atzean, Sololuzian. Asiako liztorren erlauntza bat ere atzeman zuten, Garaur auzoan, herrigunetik gertu. Goregi zegoen, baina, suhiltzaileek kendu ahal izateko, eta hurrengo batean egiteko utzi zuten. Atzo kendu zuten aldundiko basozainek, habiak goregi daudenean egiten den legez, tiroz.