Ondarroako Koaxi Triatloi Taldeak antolatutako lehen Raid honetan
estrategiak eta orientazioak berebiziko garrantzia edukiko dute.
Proba bikoteka izango da, eta proba guztian
bikoteak elkarrekin joan beharko du, “nahitanahiez”.
Bikoteka parte hartu beharko da proba, eta bikoteak nahi diren modura sortu daitezke. Sailkapena, gero, hiru kategoriaren arabera egingo da; mistoa, emakumezkoena eta gizonezkoena. “Horrez gain, proba Ondarroan izango denez, kategoria bakoitzeko lehen ondarrutarrek sari berezia izango dute”, azaldu dute antolatzaileek.
Koaxi taldeko kideek aurreko urtean egin zuten euren lehen Raida, eta proba asko gustatu zitzaienez, Ondarroan ere mota honetako kirol proba antolatzea bururatu zaie. Emaitza hurrengo abuztuaren 3an ikusi ahal izango da, eta nahi dutenek, bertan parte hartzeko aukera izango dute. “Proba honetan
parte hartzeko ez dago zertan sekulako egoera fisiko onean egon. Gauza berriak probatzera etorri nahi duen guztia bertan parte hartzera gonbidatu nahi dugu.
Oso esperientzia dibertigarria da, eta edozeinek egiteko bezalako modukoa da. Proba honetan egoera fisikoak baino, orientazioak eta estrategiak indar handiagoa dute”, nabarmendu dute Koaxi Triatloi taldeko kideek.
Izena emateko epea zabalik dago abuztuaren 1a arte Koaxi Triatloi Taldearen webgunean bertan. Dagoeneko, 14 taldek eman dute izena.
Probari dagokionez,
Raida abuztuaren 3ko
10:00etan hasiko da Alamedan, eta betetzeko 5 ordu emango dira. Probak
bi zati izango ditu; alde batetik, oinezko edo korrikako proba, eta, bestetik, bizikletako proba. “Derrigorrezkoa izango da lehenengo trekking eta herri orientazioarekin hastea. Gutxienez, ordubete egin beharko da oinezko proban. Ordubete baino arinago, ezin izango dira bizikletak hartu”, azaldu dute antolatzaileek.
Aurkitu beharreko baliza bakoitzak, zailtasunaren edo urruntasunaren arabera, puntuazio bat edo beste izango du
Proba hasi orduko bikote bakoitzari mapa bana emango zaio, eta hantxe, aurkitu beharreko pistak edo balizak kokatuta egongo dira. Aurkitu beharreko baliza bakoitzak, zailtasunaren edo urruntasunaren arabera, puntuazio bat edukiko du, eta baliza horiek aurkitzen saiatu beharko dira bikoteak. “Atal biak zirkularrak izango dira, eta boxesak herri erdian, Alamedan kokatuta egongo dira.
Alamedatik hurbilen dauden balizek puntu gutxiago balioko dute, eta Alamedatik urrunduta daudenek, ostera, gehiago. Irabazteko bikote bakoitzak bere estrategia sortu beharko du. Bestalde, oinezko ibilbidean aurkitu beharreko balizak mapa batean egongo dira, eta hura bukatu ostean, guregana etorri, eta bizikletako proban aurkitu beharrekoen mapa emango diegu”.
Proban aurkitu beharreko pistak Ondarroan herri barruan eta inguruko landa gunean kokatuta egongo dira.
Bikote bakoitzak marka berezia uzten duen zulogailu antzerako bat izango du, eta aurkitzen duen baliza bakoitzean utzi beharko du marka hori antolatzaileek baliza hori aurkitu dutela jakiteko. Bakoitzak nahi duen bezala antolatu ahal izango du proba, eta nahi duenak atal bakarra egiteko aukera izango du; oinezkoa, alegia.
Materialari dagokionez, guztiz debekatuta egongo dira komunikazio tresnak eta nabigazio sistema elektronikoak
Talde bakoitzak derrigorreko material sorta bat eraman beharko du; botikina, mugikorra, iparrorratza, mapentzako funda eta errotuladore kenezina dituena. Horrez gain, taldekide bakoitzak, euritarako zira, ur eramateko edukiontzi bat, janaria, manta termikoa, txilibitua eta material guztia eramateko motxila beharko ditu. Horien artean, guztiz debekatuta egongo dira komunikazio tresnak eta nabigazio sistema elektronikoak. Materialaren artean mugikorra eramatea derrigorrezkoa izango da, baina probak irauten duen bitartean itzalita egongo beharko du. “Mugikorra beharrezko gauzetarako erabili ahal izango da bakarrik; ziurtasunagatik eramatea gomendatzen dugu, zerbait gertatuz gero deitzeko”.
Ekintzetarako taldekide bakoitzak bizikleta eta kaskoa eraman beharko ditu, eta talde bakoitzak, bizikleta konpontzeko beharrezkoa den materiala. “Derrigorrezkoa ez izan arren, gomendagarria da bainujantzia eta uretako betaurrekoak eramatea, eta baita frontala ere”.
15:00etatik aurrera, atzerapen minutu bakoitzeko puntu bateko penalizazioa izango dute bikote partehartzaileek
Probak 5 orduko iraupena du, horrenbestez, 15:00etan amaituko da proba, “ordu hau pasata, atzerapen minutu bakoitzak puntu bateko penalizazioa izango du, eta 30 minutu pasatu ostean, taldea deskalifikatutzat emango da”.