130 parte hartzailek hartu zuten parte Euskadiko Triatloi Federazioak lehen aldiz antolatu duen proban.
Iturrik, 17 minututan egin zituen akuatloiko distantzia osoa: kilometro bat korrika, 400 metro igeri eta kilometro bat korrika.
Uribitarteri buelta bat eman eta Bilboko itsadarrean egin zuten igeri parte hartzaileek. Lasterketa bizkorra izan zen. Lehenengotik jarri ziren aurrean Iñaki Iturri eta Mikel Rozas eta biak ihes eginda ailegatu ziren lehen transiziora. Uretara ere alkarregaz sartu ziren eta biak batera joan ziren azken kilometrora arte. Korrikako azken tartean, atzean utzi zuen Rozas Iturrik eta bakarrik ailegatu zen Markina-Xemeinen bizi den natxituarra helmugara.
“Garaipen honegaz Euskadiko Txapelketako arantza kentzen dut”, adierazi du Iturrik. Euskadiko proban ere ondo ibili zen baina boxeetako transizioan erdiko kaletik abiatu eta puntuak kendu zizkioten. “Ondorioz, ezin izan nuen ezer egin”, gogoratu du.
Iñaki Iturri Euskadiko Akuatloi Txapelduna da beteranoetan.
Bilbokoa denboraldi honetako bere azken proba izango dela aurreratu du Lekeitioko Tximista taldeko kideak. Ala ere, Xenperera joan ala ez pentsatzen ari dela esan du.