Mendiko bizikleta gustuko dutenak batzeko eta ondo pasatzeko martxa bezala aurkezten da Ondarroako Kakatzan mendi bizikleta martxa. Aurten 140 lagun inguruk parte hartu dute martxan eta antolatzaileak pozik agertu dira: «Dagoeneko martxa ondo-ondo finkatuta dagoela esan genezake», esan du Aitor Agirre Kakatzan martxako antolatzaileetako batek.
«Urtez urte gero eta jende gehiagok parte hartzen du eta hori pozgarria da». Horrez gain, martxa ez dela bakarrik herri mailakoa azpimarratu du Agirrek. «Ez da Ondarrutarrek parte hartzen duten martxa soil bat. Eskualdeko gainerako herrietako mendi bizikleta zaleak etortzeaz gain, Elgoibar, Eskoriatza, Arrasate, Oñati eta beste herri asko eta askotatik ere etortzen dira parte hartzaileak».

Koaxi triatloi taldeko kirolariak, martxan parte hartu aurretik.
Hitzordu garrantzitsua. Korrikalariak bateko eta besteko San Silvestre lasterketetara joaten diren moduan, mendi bizikleta zaleentzat ere Kakatzan hitzordu garrantzitsua dela diote antolatzaileek.
Hori bai, martxaren helburua ondo pasatzea dela eta parte hartzaileek filosofia horri jarraitzen diotela gaineratu du Agirrek. «Filosofia horrek bere horretan jarraitzen du. Azken finean, Kakatzanen helburua parte hartzaileok ondo pasatzea da».
Parte hartzaile gazteak. Aurten, gainera, 10-11 urte bitarteko gazteek ere parte hartu dutela esan du Agirrek. «Kalamendi ingurura igo ziren eta han martxara gehitu ziren». Aurreko urteetan egindako martxetan hain gazteak diren parte hartzaileak ez direla egon dio. «Guretzat oso pozgarria izan da. Izan ere, horrek, hurrengo urteetarako, parte hartzaile gazte berri gehiago erakarri ahal ditu; gazte horiek beste batzuk animatu ahal dituzte».
Martxan parte hartu zutenek 30 kilometroko zirkuitua egin zuten, gutxi gorabehera. «Gazteek ere nahikoa egin zuten; Kalamendin martxara gehituta, 20 kilometroko bidea egingo zuten».
Horrela ba, bai antolatzaileak eta baita parte hartzeaileak ere gustura geratu dira.