20 urte, 1,86 zentimetroko altuera eta kilometroetako etorkizuna. Kepa Arrizabalaga Athletic Clubeko atezaina Gaztela eta Leongo futbol taldean ariko da denboraldi bukaerara arte, Athleticek lagata. Arrizabalaga pozik agertu da talde aldaketagaz: “Etapa berri honi ilusioz ekin diot. Niretzat aukera ona da atezain moduan hazteko”.
Kepa Arrizabalaga atezain ondarrutarra Ponferradinako presidenteagaz, aurkezpenean.
Ondarrutarra martitzenean ailegatu zen Ponferradara (Espainia, Gaztela eta Leon) eta El Toralin zelaigunean pozik agertu zen bere talde berriko lepokoagaz.
Dagoeneko, talde berriagaz lehen entrenamenduak egiten hasia da Arrizabalaga. Gaur [urtarrilak 7] aurkeztu dute ondarrutarra komunikabideen aurrean, Jose Silvano taldeko lehendakariagaz batera.
Silvanok Athetici eskerrak eman nahi izan dizkio Arrizabalaga Ponferradinara joaten lagatzeagatik. “Athletic Clubari gure eskerrik onenak eman nahi dizkiogu honegatik. Horrez gain, jokalariari ere eskerrak eman nahi dizkiot Ponferradinaren eskaintza onartzeagatik”.
Bestalde, Ponferradinako atezain berria pozik agertu da talde zuri-urdinean ariko delako. “Bilboko taldetik irtetzen dudan lehen aldia da. Oso pozik eta ilusioz beteta nago Ponferradinari lagundu ahal diodalako. Taldeagaz batera ipini ditugun helburuak betetzea espero dut. Hemen egongo naizen artean, ahalik eta behar onena egitea espero dut”.
Domekan jokatzeko prest dagoela ere nabarmendu du ondarrutarrak.
Kepa Arrizabalaga, Ponferradinako lepokoagaz.
Orain arte Bilbao Athleticeko atezain titularra izan da Arrizabalaga. Horrez gain, Athletic Clubeko hirugarren atezaina ere izan da.
2014-2015 denboraldian hamazazpi partida jokatu ditu Bilbao Athleticegaz Espainiako Ligako bigarren maila B-ko II. taldean. Eta jokatu egin ez badu ere, Bilboko talde nagusiagaz ere bidaiatu izan du.
Ponferradina bigarren mailako taldea da eta sailkapenean seigarren doa, 30 puntugaz; lehenengo sailkatuarengandik (Las Palmas) bederatzi puntura dago Ponferradina.
Gaztetatik, Arrizabalaga Athletic taldearen harrobian prestatu da. Atheltic taldearen barruan maila guztietako kategorietan egondakoa da (alebin, txiki, kadete eta gazte). 2011-2012 denboraldian, 17 urte zituela, Athleticen bigarren taldera jauzi egin zuen (Baskonia). Hurrengo denboraldian Bilbao Athleticera igo zen (bigarren maila B). Eta 2013. urteko udan, denboraldiaurrea lehenengo taldearekin egin zuen, Ernesto Valverderen agindupean.
Arrizabalga, partida baten.
Naziortean ere ibili izan da, Espainiako selekzioagaz, 17, 19, 20 eta 21 urtez azpikoetan. 19 urtez azpikoetan, Europako Txapelketa irabazi zuen 2012. urtean. Horretan, atezain titularra izan zen eta partida aipagarriak jokatu zituen, Frantziaren aurka jokatutakoa esaterako.
Espainiko selekzioko 20 urte azpiko taldean ere Munduko Koparako atezain titular izateko prestatu zen 2013an. Baina lesio bat tarteko, ezin izan zuen. Arrizabalagaren ordez Ruben Yañez aritu zen.
Arrizabalaga Athletic Clubeko lehenengo taldeko etorkizuneko atezain izango dela diote klubeko kideek eta baita adituek ere.