Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascoren aginduz, Guardia Zibilak astelehenean burututako polizia operazioa salatzeko manifestazioa egingo dute zapatuan. 17:00etan abiatuko da martxa, Donostiako Antiguoko tuneletik.
Giza eskubideak, bakea eta konponbidea eskatuko dituzte, berriro.
2014ko urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazioaren leloa izan zen hori, eta 130.000 herritarrek bat egin zuten eskakizun horrekin.
Joan den larunbatean, presoen eskubideen alde eta sakabanaketaren kontra batu ziren
80.000 lagun inguru Bizkaiko hiriburuan. Bi egun geroaro –atzo, urtarrilak 12– burututako polizia operazioa dela eta, eragile politiko, sozial eta sindikalek bilera egin zuten atzo goizean, balorazio bateratua egiteko. Batzarrean bildu ziren, besteak beste, Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, ELA eta LABeko ordezkariak, eta hilaren 17rako mobilizazio bateratua deitzea erabaki zuten.
Etxerat elkarteko kideak, zapaturako deialdia egiten
04/08 epaiketako kideak, abokatuak, AHT elkarlana, Alternatiba, Aralar, Bilgune Feminista, CGT, LNK Euskal Herria, CNT, Ezker Batua, Egiari Zor, EHE, EHNE, ELA, Eraiki Aralar, Ernai, Esait, ESK, STEE, Etxerat, Ezker Gogoa, Gazte Abertzaleak, Gite-Ipes, Goldatu, HIRU, Ikasle Abertzaleak, Ikasle Abertzaleak, Lokarri eta Sortu dira deitzaileak. Iazko eskakizun berak izan arren, orain, deitzaileen artean ez dago EAJ.
Abokatuak, bahituta. Etxerat elkarteak ere polizia operazioaren balorazioa egin zuen. Haren arabera, ez da kasualitatea izan herenegungo polizia operazioa Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenaren bezperan eta Bilboko manifestazioaren ondoren izatea.
Etxeratek esan zuenez, Espainiak abokatuak bahitu ditu Europan Eskubideen urratzeagatik kondena berriak ekiditeko. Atxiloketak salatu ditu, eta presoek daukaten defentsarako eskubidea «urratu» egin dutela azpimarratu du.
Autobusak Lea-Artibain eta Mutrikun:
- Berriatua: Zapatuan 15:30ean aterako da autobusa, plazatik. Izena emateko, herritarrek herriko tabernetara (Urepel, frontoi taberna eta zentrala) gerturatu beharko dute. Izena emateko azken eguna eguena –urtarrilak 15– izango da.
- Aulesti: Autobusa 15:00etara aterako da, Torrezelai probalekuaren paretik. Herritarrek herriko tabernetan izena eman beharko dute.
- Markina-Xemein: autobusa 15:30ean aterako da, autobus geltokitik. Izena emateko herritarrek txokora gerturatu beharko dute.
- Lekeitio: Autobusa 15:30ean aterako da Mandaskatik. Herritarrek Galarrenan izena eman beharko dute.
- Ondarroa: Autobusak 15:30ean irtengo du, Zaldupetik. Izena eman nahi dutenek honako taberna hauetara joan behar dute: Kulixka, Kirrixki eta Anaitasuna.
- Mutriku: Autobusak 15:45ean irtengo du, goiko geltokitik. Izena eman nahi dutenek bi erara eman ahalko dute: Zubixa herriko tabernan, eta 943 01 99 40 telefonora deituta.