Musika bandak 13:00etan eskainiko du kontzertua, Zabiel plazan; magia ikuskizuna 18:30ean hasiko da, Zabiel kultur etxean.
Musika bandak urteroko Nazareno Eguneko kontzertua eskainiko du. «Meza aurretik eta ostean kalejira egingo dugu, eta ostean Zabieleko plazan eskainiko dugu kontzertua», azaldu du Karlos Eskudero bandako zuzendariak. Hitzordua Zabiel plazan jarrita badago ere, eguraldi txarrarekin ekintza Zabieleko ganbarara pasatuko dela iragarri dute Mutrikuko Udaleko kultura saileko arduradunek eta Eskuderok.
Besteak beste, pasodoblea, Walt Disney-ren
Fantasia eta nola ez, Iñaki Lekuberen
Mutrikuar abestiak eskainiko dituzte herriko musikariek. «Azken horrek arrakasta handia dauka herritarrengan; asko gustatzen zaie Lekuberen herriko abesti nahasketa hori».
Behin musikarien emanaldia entzun eta gero, arratsaldean bestelako hitzordua izango dute herritarrek: magia ikuskizuna.
Asier Kidam magoa
Kidam magoa, arratsaldean. Horretan Kidam magoak heldu zein umeei zuzendutako ikuskizuna eskiniko du, doan.
Urteetako esperientzia duen magoa da Kidam. «7 urte nituenean hasi nintzen magiarekin interesatzen. Debuta, baina, hiru urte beranduago egin nuen. Orduz geroztik izugarri gozatu dut eskainitako emanaldi guztietan».
2.000 ikuskizun baino gehiago eskaini izan ditu Kidamek. «Eskarmentu handia daukat magia profesionalean. Espainiako telebista kateetan lan egin dut, baita ETBn ere, eta antzokietan, kultur etxeetan, erakundeetan, hezkuntza-zentroetan… ere aritu izan naiz», gaineratu du mago gasteiztarrak.