Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du, olatu handiengatik
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, urtarrilaren 21etik 22ra [eguaztena eta eguena] alerta laranjan egongo dira kostaldeko herriak. Izan ere, aurreikuspenen arabera, 5 metrora arteko olatuak espero dira. Zehatz esateko urtarrilaren 21eko 03:00etan ezarriko da alerta laranja eta hurrengo eguneko 09:00etan amaituko da, itsasgorarekin batera.
Euskalmet euskal meteorologia agentziak jakitera eman duenez, haize bolada handiak espero dira datozen egunetan eta horrek itsas korronteekin bat egingo du. Marea biziak kontuan hartuta, olatuek 5 metro baino gehiagoko altuera har dezaketela iragarri dute.
Urtarrilaren 21eko itsasgora (04:57 eta 17:25) eta urtarrilaren 22koa (05:42) izango da unerik kritikoena.
Aipatu ordu horietan, ipar mendebaletik datozen olatuak handiak izan ahal dira eta olatu batetik besterako tartea 15-18 segundotakoa izango da, batazbeste.
Euria eta txingorra. Euri jasei dagokienez, bi egunetan “etengabeak” izango direla jakitera eman du Euskalmetek. “Txingorra ere egin dezake”.
Elurra. Halaber, elurra 700 metrotik gora egongo dela esan dute Euskelmeteko adituek.