«Gure laguntzari esker bizi direnez, aurten ere antolatu beharko dugu sahararen aldeko janari bilketa, ezta lagunok?». Horrelantxerik gogorarazi die Sahela elkarteak Lea-Artibaiko bizilagunei aurten ere janari bilketa egitearen premia dagoela. Horrela ba, herritarrek jakiak eraman ahalko dituzte Sahelak dituen guneetara. Hegaluzea eta sardinak oliotan, azukrea, arroza, pasta, babarrunak, dilistak, olioa eta konpresak dira, besteak beste, kanpamenduetan beharrezkoak dituzten oinarrizko produktuak.
Urtarrilaren 30era arte bilduko dituzte janariak Markina-Xemeinen. Bekobenta eskola publikoan, Bera Kruz ikastolan eta Eroskin batuko dute janaria. Lekeition berriz, otsailaren 15era arte luzatu dute epea, eta herriko dendetan eta ikastetxeetan izango dute janaria uzteko aukera.
Urtero legez, herri guztietan egingo da bilketa. Lea-Artibaiko janari guztia kontainer batean bidaltzea da aurten Sahelaren asmoa. Horrela, janariagaz gainera, joan den urtetik batuta dituzten botikak eta erropak ere bidaliko dituzte, bai eta oinetako protesiak, muletak eta inkubadora txiki bat ere. «Kontainerrean sartzeko prestaketa handia egin behar da. Erropak eta ume jaioberrientzako poltsak prest ditugu», azaldu dute Sahelakoek.
Janari bilketaren ondoren, batutakoa ikusita erabakiko dute ze tamainako kontainerra beharko duten, eta kutxak prestatuta edukiontzia betetzen hasiko dira. «Lekeitioko eskolapean bildu eta kaxetan prestatuko dugu dena kontainerra kargatzeko», azaldu dute.
Josteko makinak ere bai. Lehen premiazko produktuez gainera, Ispasterko herriak Emakume Proiekturako bidaltzen dituen josteko makinak ere joango dira kontenedorean. Orain dela lau urte hasi ziren makinak erosi, konpondu eta bidaltzen. Lau makina erosi dituzte oraingoan ispastertarrek, Lekeitio modura, berriz, makina horretarako olio, jostorratz, oihal eta beharrezkoak bidaliko dira.
Edukiontzia, Dajlara bidaliko dute, eta ondoren, handik banatuko dira leku ezberdinetara, behar dituzten produktuak.
Janari bilketagaz gain, Oporrak Bakean programa zabaldu berri dutela jakitera eman dute Sahelakoek. Eusko Jaurlaritzak abian jarritako elkartasun proiektua da Oporrak Bakean eta umeen gabeziak hobetzea du helburu. Horrela, Sahelak udan Saharako haurrak bi hilabetez etxean izateko familiak bilatzen ditu.